Jokin Aranalde iheslaria atxilotu eta Espainiaratu egin dute
Jokin Aranalde iheslaria atxilotu dute gaur arratsaldean. Beskoitzen medikuaren kontsultatik atera ondoren atzeman dute, Baionara bidean zihoala, eta ondoren Espainiaratu egin dute, NAIZek jakin duenez.
Jokin Aranalde arratsaldeko 16.00ak aldera atxilotu dute, Beskoitzen medikuaren kontsultatik atera eta Baionarako bidean zihoala. NAIZek jakin duenez, bost auto hurbildu zaizkio eta geldiarazi ondoren atzeman egin dute. Atxiloketa bortitza izan da eta eskuburdinak jarrita eraman dute.
Arratsalde erdian emazteari deitu diote Donostiatik eta dagoeneko Espainiaratu dutela jakinarazi diote. Aranaldek zein botika hartzen dituen galdetu diote eta Auzitegi Nazionalera eramango dutela esan diote, baina noiz zehaztu gabe.
Ibartarra iazko ekainaren 24an atxilotu zuten Heletan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) Biarritzen egin zuen ekitaldiaren ondotik. EIPK-ko mintzakidetza taldeko kidea da Aranalde.
Paueko Auzitegiak irailaren 25ean eman zion argi berdea Aranalderen aurkako euroaginduari, baina bere abokatuek helegitea aurkeztu zuten.
Parisko Kasazio Gorteak urriaren 30ean helegitea atzera bota eta Espainiaratzea onartu zuen.
Hurrengo egunean, Aranaldek eskutitz batean jakinarazi zuen «jarrera intsumitua» hartu zuela, EIPK-ko bozeramailetako bat izanik, bere konpromisoa zelako «azken iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea, guztiok herri libre batean bizitzeko».
Kontzentrazioa gaur Ibarran eta bihar Hendaian
Aranalderen atxiloketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur 20.00etan Ibarrako plazan.
Hendaian ere kontzentrazioa egingo dute, bihar, 19.00etan, Kasino zaharrean.