Kepa Arkauzi eraso egin diote jendarmeek Parisko Auzitegian, Etxeratek salatu duenez
Kepa Arkauz presoari eraso egin zioten Parisko Justizia Auzitegiko jendarmeek uztailaren 16an, Etxeratek salatu duenez.
Etxeratek azaldutakoaren arabera, Kepa Arkauz euskal preso politikoa Parisko Justizia Jauregira eraman zuten uztailaren 16an, Laurence Le Vert epaileak deituta, galdeketa egiteko. Hara iritsi zenean funtzionarioak «probokatzen» hasi zitzaizkion, bere etxean ez zegoela eta beste euskaldunik ez zegoela esanez, nahiz eta Igor Uriarte presoa ere han egon.
Preso arrunt batekin ziega partekatu behar zutela esan zioten zaintzaren ardura zuten jendarmeek baina Arkauzek uko egin zion eta bere jarrera azaldu zien poliziei, baina hauek hala ere preso arrunta ziegara sartu zuten. Arrasatearra konturatu zenean ziegatik ateratzen saiatu zen eta orduan lau funtzionarioren artean heldu zuten. Etxeratek bere oharrean dionenez, batek «bestoa lepotik bueltan pasatu eta gogor estutu zuen, ito nahian bezala». Bitartean besteak «eskuetatik heldu eta lurrera botatzen saiatu ziren». Egoera horretan ere Arkauzek ziegatik ateratzea lortu zuen eta atetik bost metro aldendu zen. Hori ikusita eta erabakiz aldatuko ez zuela jabetuta, jendarmeek ziega batean bakarrik utzi zuten Arrasateko presoa.
Goiko pasilo batean zegoen Igor Uriartek oihuak entzun zituen eta zer gertatzen zen galdezka hasi zitzaion; orduan, «komunikazioa eteteko, elkarrekin ez hitz egiteko», beste galeria batera mugitu zuten Arkauz.
Erasoaren ondorioz Arkauzek lepoaren atzealdean atzamarkada bat eta ubeldura txiki bat ditu.
Bakartuta dago Villepinten
Etxeratek salatu duenez, Kepa Arkauz bakartuta dago Villepinteko espetxean, Iñaki Dominguez ekainaren 6an Espainiaratu zutenetik. Le Vert epailearek egoera aldatu egingo dela agindu dion arren, ez du bete eta berdin jarraitzen du.
Bere bulegoan egon zenean horri buruz galdetu zion euskal presoak epaileari eta berarekin zer egin ez dutela erabaki erantzun zion. Horregatik, borrokaldia hasteko asmoa duela iragarri du.