INFO

Kutxaren kontrol soziala mantentzeko aukera guztiak aztertzeko eskatu du EH Bilduk

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Kutxaren inguruko batzorde txostengilea sortzeko eskatu dute EH Bilduko batzarkideek, entitatearen inguruan Aldundiak aurkeztu duen proposamena aztertzeko. Erabaki bat hartu aurretik aukera guztiak aztertzeko eskaera egin du koalizio abertzaleak.

EH Bilduko batzarkideen agerraldia. (NAIZ)

Kutxaren pribatizazioa saihestu daitezkeela sinestuta, entitatean gertatzen ari diren aldaketei buruz Batzar Nagusietan batzorde txostengilea sortzeko eskatu dute EH Bilduren Gipuzkoako batzarkideek.

Entitatearen pribatizazioaren aurrean beste bide eta aukera batzuk daudela erakusten du, batzarkideen ustez, Aldundiak atzo aurkeztu zuen txostenak. Hori dela-eta, EAJ, PSE eta PPko ordezkariei dei egin diete, aukera horiek ezagutu eta azter ditzaten.

«Kutxako patronatuko ordezkariak behin betiko aukeratu eta izendatu aurretik, txostenak ireki duen bide berria aztertzeko» galdegin du EH Bilduk.

Batzarkide abertzaleek salatu dutenez, pribatizazioaren alde dauden alderdiek «presa handia» erakutsi dute ordezkarien izendapena itxi eta prozesua lehen bait lehen amaitzeko. Hala ere, EH Bilduk uste du badagoela modua «kontrol sozial eta publikoari eusteko» eta nabarmendu du denbora dagoela aukera guztiak aztertzeko.

«Talde txostengileak hilabeteko epea izango luke posbilitate guztiak aztertu eta erabaki bat hartzeko», adierazi dute, eta gaineratu Kutxak «herritar guztiona» izaten jarraitu behar duela eta ez dagoela «behin betiko ordezkari gutxi batzuen eskutan utzi beharrik».

Beraz, ponentzia sortu eta hilaren 18ko araudi batzordean ordezkarien izendapena atzeratzeko eskatu du EH Bilduk.

Koalizioak «behin eta berriro salatu du EAJ, PP eta PSE elkarrekin ari direla, herritarrei lapurreta gauzatzen. Kutxa denona da eta ez dugu pribatizaziorik onartuko», azaldu dute.