Astelehenetik aurrera epaituko dituzten gazteei harrera egin die Martin Garitanok
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin dio astelehenetik aurrera Auzitegi Nazional espainolean epaituko dituzten 28 gazteen ordezkaritza bati.
Martin Garitanok, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak, Garbiñe Errekondo Foru Administrazio diputatuak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen zuzendariak harrera egin diete hilaren 22tik aurrera Madrilen epaituko dituzten 28 gazteetako lauri.
Ahaldun nagusiak babesa helarazi die eta Gobernu espainolak gatazka konpontzeko «errezeta zaharrak» erabiltzen dituela salatu du. 28 gazteak politika egiteagatik epaituko dituztela ere gogora ekarri du.
Jazint Ramirezek, gazteen izenean, eskertu egin du foru Gobernuaren babesa eta prozesu judizialari buruzko txostena helarazi dio Garitanori, baita joan zen igandean Gernikan plazaratu zuten adierazpena.