INFO

Euskal ikurren alde aldarri eginez elkartasuna erakutsi diete «arrantzale bizardunei»

2013ko sanferminetako txupinazoan ikurriña erraldoia zintzilikatzeagatik hilaren 8an epaituko dituzten bost lagunei elkartasuna adierazi diete herritarrek Iruñeko Udaletxe plazan eginiko ekitaldian. Ikurriñaren eta Nafarroako banderaren mosaiko bana osatu dute.


Datorren asteazkenean, hilak 8, bost lagun epaituko dituzte Nafarroako Auzitegian, iazko sanferminen hasieran bizarrak jantzi eta Udaletxe plazan ikurriña erraldoi bat zintzilikatzeagatik.

Epaiketa horren atarian, Iruñea Askatasunez plataformak deituta, auzipetuei babesa adierazi diete herritarrek.

Trikitixa eta txaranga doinuek lagunduta, bi mosaiko eginez ikurriña eta Nafarroako bandera irudikatu dituzte.

Jatekoak eta DJak ere ez dira falta izan.

Auzipetuek eurek ere hitza hartu dute ekitaldian eta, azaldu dutenez, haien kontra izango den epaiketa «Iruñaren eta jendarte osoaren kontrako jazarpena» da.

«Ikurriña berea egiten duen jende guztiaren aurkako erasoa da», nabarmendu dute.

Herritarrek ere aldarri horrekin bat egin dute eta «ikurriña aurrera» oihuak entzun ahal izan dira.