Martxoaren 3ko gertakarien inguruko unitate didaktikoa, BH eta Batxilergoko ikasleentzat
Martxoak 3 elkarteak 1976ko gertakariak azaltzen dituen unitate didaktikoa aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat zuzendutakoa.
Unitate didaktikoa Miren Rodrigo eta Amanda Ruiz irakasleek zuzendu dute eta Xabier Sagasta marrazkigilearen ekarpena ere badu, bere komiki bat agertzen baita ariketa batean.
‘1976ko Martxoak 3’ unitate didaktikoa lau ataletan banatuta dago: testuinguru historikoa, gertatutakoaren kronologia, jardueren garapena eta ebaluazio irizpideak. Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailetan gizarte zientzien arloan irakasteko egin da bertsio bat, eta beste bat Batxilergoko 1. eta 2. mailan, Historia garaikidean erakusteko.
Unitate didaktikoa euskaraz eta gaztelaniaz eskura daiteke eta dagoeneko Arabako ikastetxe guztietara igorri da. Euskal Herriko beste edozein zentrok ere izan dezakeela adierazi du Martxoak 3 elkarteak, norbaitek hala nahi badu.