Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hasi dute
Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hasi dute gaur. Foru Aldundiarekin ez zuten akordiorik lortu ostiraleko bileran eta, horrenbestez, sindikatuek iragarritako lanuzteari ekin diote.
Ostiralean egin zuten azken bilera Bizkaiko Foru Aldundiak eta sindikatuek baina ez ziren ados jarri eta, ondorioz, greba mugagabea hasi dute gaur Bizkaibuseko langileek. Aldundiari sinatu zuten akordioa betetzeko eskatzen diote sindikatuek.
Foru Aldundiak adierazi duenez, Bilbon, Zornotzan, Berriatuan eta Lemoan arazoak izan dira. Autobus bati kristalak apurtu dizkiote, Berriatuan kate bat jarri dute ibilgailuak atera ez zitezen, eta Bilbon margoketak egin dizkiete hainbat autobusi atzerako ispiluetan, besteak beste.
Aldundiak salatu egin ditu eraso horiek eta horrela bi aldeak negoziatzera eser daitezen «oso zaila» dela nabarmendu du.