INFO

Desobedientzia astea deitu dute Ikasle Abertzaleek azaroaren 24tik 28ra

«Trantsizio mahai bat eratzea» eskatu diote Ikasle Abertzaleek EHUko errektoretzari ikasleen eskaerei erantzuteko: «EU2015 estrategia ez aplikatu, ikas eta hizkuntza eskubide duinak lortu eta herritik eta herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza egituratzeko». Irailaren 27an manifestazioa deitu dute Leioako campusean.

Ikasle Abertzaleen prentsaurrekoa, Bilbon, mobilizazio astea iragartzeko. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Azaroaren 24tik 28ra desobedientzia astea deitu dute Hego Euskal Herriko Ikasle Abertzaleek ikastetxe eta Lanbide Heziketetan eta hilaren 27an manifestazioa egingo dute Leioako campusean. Izan ere, egun horretan bertan onartuko da EHUko berrantolatze organizatiboaren lehen fasea eta, «berriro ere, eztabaidatik kanpo utzi nahi gaituzte», ohartarazi dute.

Ikasle Abertzaleek «trantsizio mahai bat eratzea» eskatu diote EHUko errektoretzari, ikasleriaren eskaerei erantzun eman diezaioten. Horien artean, EU2015 estrategia ez aplikatzea, ikas eta hizkuntza eskubide duinak lortzea eta herritik eta herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza egituratzea.

«Inork ez digu ezer oparituko. Ikasleon hitza aintzat hartzeko, behartu egin beharko ditugu eta kaleak eta heziguneak dira gelditzen zaizkigun borrokarako esparru eraginkorrenak», adierazi dute.

Hartara, azaroaren 27an Leioako campusean manifestazioa deitu dute, 13.00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuko dena. Horrez gain, Hego Euskal Herriko ikastetxe eta Lanbide Heziketetan desobedientzia astea egingo dute.