Joxe Mari Olarra aske geratu da
Joxe Mari Olarra aske geratu da arratsalde honetan, NAIZek jakin duenez. 18/98 auzian zigortu zuten eta kondena osorik bete du. A Lamako kartzelan zegoen eta espetxealdi prebentiboan egindako 20 hilabeteak aintzat hartuta askatu dute.
NAIZ
DONOSTIA
Joxe Mari Olarra tolosarrak A Lamako (Pontevedra) espetxea utzi du gaur arratsaldean, NAIZek jakin duenez.
18/98 auziaren baitan epaitu zuten, Xaki atalean, eta hasiera batean hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazional espainolak. Epaitegi Gorenak ondoren zortzi urte eta erdira jaitsi zuen. Olarrak beste auzi batengatik 20 hilabete egin zituen preso prebentibo gisa, eta hori kontuan hartuta askatu dute.
Sumario horretan bertan epaitu zuten Mikel Korta asteartean geratu zen aske.