INFO
Elkarrizketa
Markel ANDIA
«Zohardia»-ren egilea Lander Iruinekin batera

«Ez da Josuren heriotzari buruzko dokumentala, bere bizitzari buruzkoa baizik»

21 elkarrizketa eta 28 testigantzaren bidez Josu Muguruza ze pertsona alai eta positiboa zen transmititzen da dokumentalean. Hortik dator «zohardia» kontzeptua, zeru oskarbia. Memoria egitea beharrezko den garai honetan positibismoa ere behar dela aldarrikatzen dute zuzendariek.


Josu Muguruzari buruzko filmaren zuzendarietako batek, Markel Andiak, beren poza azaldu dio GARAri. Alde batetik, lanarekin gustura daudelako, eta bertzetik, jendearen erantzuna ona izaten ari delako. Trailerra zintzilikatu eta komentario baikor pila jasotzen hasi ziren, baita atzo Bilboko Campos Eliseos antzokian egin zen estreinaldira joateko eskaerak ere. Errekaldeko gaztea hil zuten egunean, azaroaren 20an, bere auzoan emanen dute pelikula. Beti presente dago Josu bere auzokideentzat eta 25. urteurrenean filma beraiekin ikustea berezia izanen da.

Hortik aitzinera, jaialdietara eta ahal duten zinema areto guztietara eramanen dute lana. Eskaerak jasotzen ari dira orain. Donostia, Usurbil, Indautxu eta Ziburu dituzte baieztatuta.

Bereziki gazteengana ailegatu nahi duzue film honekin, Josu Muguruza eta bere garaia ezagutu ez zutenengana.

Guk dokumental hau egiterakoan sentitu duguna ikusleak ere sentitzea nahi dugu. Batez ere gazteei zuzendutako lana da, Josuren figurari buruz ezjakintasun handiagoa dagoelako euren artean. Guk deskubritu ditugun gauza horiek guztiak eta bizi izan dugun esperientzia ikusleak sentitzea nahi dugu. Hori, azken batean, Josuren bizitza ezagutzea da. Ez da Josuren heriotzari buruzko dokumentala, bere bizitzari buruzkoa baizik. Azken puntu horretara heltzeko bere ibilbidea nolakoa izan den azaltzen dugu.

Trailerra behintzat nahiko emozionala da. Josuren inguruko jendea agertzen da berari buruz solasean.

Alde emozional hori badu, baina ezinezkoa da ez edukitzea halako gai batean. Baina halere saiatu gara bere ibilbide hori berarekin bizi izan zuten pertsonekin egiten. Orduan, denetarik dago. Alde emozional hori erakusten dugu, baina baita Josuren alde alaia ere. Dokumentalean ikusten da Josu oso pertsona alaia zela, positiboa, eta hortik dator zohardiaren kontzeptu hori, zeru oskarbia. Horrekin positibismoa adierazi nahi dugu, eta aurrera begira garai honetan beharrezkoa dela uste dugu. Memoria egitea beharrezkoa den garai honetan positibismoa ikusi behar da, Josuk zeukan positibismo hori.

Baliagarria izaten ahal da garai honetara ekartzeko eta gaurko gazteentzat eredu izateko, bera ere gaztea baitzen hil zutenean. 30 urte baino ez zituen.

Hori da. Berak oso gazte izan zituen esperientzia oso sakonak: hogeita gutxi urterekin errefuxiatu izan beharra, kartzela... Ibilbide laburra, baina oso sakona egin zuen.

Dokumentalarekin batera liburua ere aterako da, «Josu Muguruza: balek hondatu ez zuten ametsa». Bata bertzearen osagarri da?

Informazio trukea egon da liburua idatzi dutenen eta gure artean, baina bakoitzak bere lana egin du, ez gara ibili biok batera gauza berdin bat egiten saiatzen. Orduan, elkar osatuko dutela baina desberdinak izango direla uste dut.

Josu Muguruzaz gain, garai historiko bat ere ezagutzen ahal da dokumentalaren bidez.

Dokumentalaren beste helburu bat izan da Josuren bizitzaren bidez Euskal Herriko historiaren zati bat kontatzea. Gainera, zati oso garrantzitsua dela uste dugu, urte tarte bat non gauza asko gertatu ziren, berriro ere gaur egungo egoerari aplikatzen ahal dizkiogunak.

Ze gertakari agertzen dira?

Frankismoaren bukaera, errefuxiatuen bigarren bolada, GALen garaia, deportazioak, Herri Batasuna espainiar hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztea Aljerreko prozesuaren ondoren... Garai sakona izan zen, Josuren bizitza bezala. «Egin»-ek ere pisua dauka dokumentalean, Josu bertako erredaktoreburu izan baitzen. «Egin»-en itxiera ere aipatzen da, egunkari honetan elkarrizketa bat egin genion Fermin Muguruzari, Jabier Salutregiri kartzelatik dei bat grabatu genion... Ezin izan dugu gai guztietan asko sartu, ordu eta hogeita bost minututan ezin delako, baina bai saiatu gara garai horri buruz ahalik eta gehien kontatzen.

Grabaketak bukatzen ari zinetela Lander Iruinek komentatu zigun muntaia lan zaila aurreikusten zenutela. Nola joan da?

Pixkanaka-pixkanaka, pausoz pauso lortu dugu informazio guztia ordu eta hogeita bost minututan sartzea. Zailena puzzlea egitea izan da, mozketak aukeratzea eta euren arteko lotura bilatzea, dokumentalak jarraikortasun bat edukitzeko, ez baitu narratzailerik. Dena testigantzen bidez kontatzen da.

Proiektu honetan Fite Zinema sortu duzue. Nolatan?

Dena legezko egin behar genuen eta elkarte bat sortzea pentsatu genuen etorkizunera begira ere, plataforma bat edukitzeko horrelako proiektuak aurrera eramateko.

Orduan buruan duzue antzeko proiektu gehiago egitea...

Orain atseden hartu behar dugu apur bat, baina bai. Produktora baten laguntza eduki dugu, Blubalum Films. Aurten sortu da hau ere, gure antzeko pentsaerarekin. Gehienbat argazkilaritzaz arduratu dira.