Uzta oparoa eramango du Ataramiñek Durangoko Azokara
Euskal preso politikoen literatura eta sorkuntza lanak argitara eramateko xede duen Ataramiñek uzta oparoa dakar aurten ere.
Ostiral honetan aurkeztu ditu Ataramiñek, Bilbon, 2014ko liburuak: Ataramiñe14 bilduma, ‘Urte ilunak’ Ekaitz Sirvent zarauztarrak itzulitako Nelson Mandelaren lana –‘Long walk to freedom’ biografiaren pasarte bat– eta ‘Ainarak herrira itzuliko dira’ bertso-liburua, Ibon Muñoa preso eibartarrak idatzitakoa, ‘Ametsen txokoan bizi naiz’ idazlanari jarraipena ematen diona.
Horiek guztiak Durangoko Azokan Ataramiñek izango duen txokoan izango dira eskuragarri, eta bertan izango dira, baita ere, egitasmo honetako harpidetza egiteko baliagarriak izango diren orrialdeak.
Izan ere, Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalezek azaldu duten bezala, proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko eta liburuen banaketa sistema hobetzeko, harpidedun egiteko aukera irekiko dute.