INFO

Giza Eskubideen Egunean «elkartasun zapiaren muturra eustera» deitu du Etxeratek

Abenduaren 10ean Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren karietara, giza kateak egingo ditu Etxeratek eguerdiko 12.00etan Gasteizko eta Iruñeako parlamentuen aurrean eta 18.30ean Baionan, Rene Cassin-en etxearen aitzinean. Zapi katea deitu duten ekimenerako zapi berezia aurkeztu dute Baionan.

Abenduaren 10ean zapi muturrak eusteko deia egin dute Etxerateko ordezkariek Baionan. (Sylvain SENCRISTO)

«Giza eskubideak defenditzen dituzten guztientzako elkartasun ikur bilakatuko diren zapiak» direla esan dute Urtzi Errazkin eta Muriel Ducantisek, abenduaren 10eko ekimenetara «zapi-muturra eustera» joateko deia egitearekin batera.

Preso eta senideek pairatzen duten «eskubideen urraketa sistematikoa» berriro gogoratuta, Baionan daudela profitatuz, bereziki Estatu frantsesari zuzendu diote mezua. Bere espetxeetan dauzkan euskal presoei «sakabanaketa, urrunketa, baldintzapeko askatasunaren ukapena…» ezartzen dizkiela nabarmentzeaz gain, hainbat preso Espainiaratuak izango ote diren zurrumurruak izan dituzte hizpide. «Frantses agintarien partetik, arazoa beste bati pasatzeko modu hipokrita hori baino zerbait gehiago espero dugu» adierazi dute elkarteko bi ordezkariek, Christiane Taubira Justizia ministroak Madrilen «presoen nahia errespetatuko» zela agindutakoa bete dadila eskatu aurretik.

Estatu frantsesean presoak betetako zigorra kontuan ez hartzeko Madrilek onartu berri duen legeaz, berriz, «gure eta gure senideon eskubideak urratuko dituen salbuespeneko beste neurri bat» dela adierazi dute. «Beste behin ere Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo beharko dugu baina, bitartean, urteetan edukiko dituzte zigor gehitua betez», gaineratu dute.