INFO

‘Jone Libre’ ekimenak datorren astebururako hitzordua jarri du

Aterki laranjak ongi zabalduta, Gernikako herriak babesa erakutsi dio Jone Amezagari eta datorren astebururako hitzordua jarri du ‘Jone Libre’ dinamikak. Gernikako Merkatu plaza jendez lepo agertu da 18 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dioten errigoitiarrari berotasuna eskaintzeko.

Gernikan burutu duten ekitaldiaren irudia. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Gernikan ehunka lagun bildu dira Jone Amezagari babesa eskaintzeko. Aterki laranjak irekita islatu dute gizartearen ezetza espainiar Auzitegi Nazionalak jarritako espetxe zigorrari. Bertan, elkartasuna adierazi diotenen artean, herriko 60 elkartetik gora igo dira eszenatokira.

Ekitaldiaren hasieran gogorarazi dute Amezaga «lan politikoa egiteagatik» espetxeratu nahi dutela. Pankarta bat eskegitzeagatik 18 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Horren ostean izkutatzea erabaki zuen gazteak. Eta gaurko egunean bideo baten bidez plazan izan da Jone Amezaga: «Gaurko indar erakustaldia konpromezu bilakatu behar dugu», defendatu du.

Bertan izan dira Amezagaren gurasoak ere, zeintzuek eszenatoki gainetik harro agertu dute euren burua: «Ikusiko bazenu, itzela da herriaren konpromezua», helarazi nahi izan diote alabari. Aita, bertsotan aritu zaio: «Ozen diñozut alaba, zutaz oso harro nago».

Musika ere ez da falta izan, Itziarren Semeak jarrita eta gazteek ere lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

Azkenik, datorren astebururako, abendauren 13-14rako hitzordua jarri du ‘Jone Libre’ dinamikak Gernikan «Jone babesteko».