INFO

Aktak euskaraz bidaltzeagatik Carlos Urquijoren helegiteak jaso dituzte sei udalek

EAEn Gobernu espainolaren ordezkari den Carlos Urquijok auzitara eraman ditu Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalak aktak euskara hutsez bidaltzeagatik.

Carlos Urquijo, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkaria. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar bidez Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) jakinarazi duenez, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik Urquijoren helegitea jaso dute Adun, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek.

«Behar beharrezkoa da euskararen aurkako eraso hauek lehenbailehen gelditzea», nabarmendu du UEMAK, halakoek euskararen normalizaziorako lana «baldintzatu eta oztopatzen» dutela azpimarratuta.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren esanetan, «udal horietako asko oso txikiak dira eta ez dute epaitegietako gastuei aurre egiteko baliabiderik». «Euskara sustatzeko urratsak ematen ari diren udalak praktikan babesik gabe» daudela ere adierazi du.

Izan ere, Lakuak errekerimendu horiek jaso dituzten udalei babesa adierazi die, baina praktikan inolako eraginik ez duena.

Aipatutako helegiteen aurrean hartu beharreko jokabidea zehazteko gaur bilera egingo du Herri Aginteen Arteko Koordinaziorako Batzordeak (HAKOBA).