Donostiako alkatea Mendebaldeko Saharan da, giza eskubideen ekintzaileek gonbidatuta
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea Mendebaldeko Saharan dago, giza eskubideen ekintzaile sahararren gonbitari erantzunez. Aminatou Haidarrekin sartu da Aaiunen.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek bidaia hasi du Mendebaldeko Saharan, Udala giza eskubideen alorrean egiten ari den lanaren baitan eta giza eskubideen ekintzaile sahararren gonbitari erantzunez. Alkatea Aminatou Haidar ekintzaile ezagunarekin sartu da Aaiunera.
«Mendebaldeko Saharan, gure jaioterrian, sahararrok bizi dugun egoera bertatik bertara ezagutzera gonbidatu dugu, egunero egunero bizi ditugun giza eskubideen urraketen lekuko izatera: ohorea da guretzat bera hemen egotea», adierazi du Haidarrek.
Izagirrek nabarmendu du Mendebaldeko Saharako errealitate soziala eta politikoa ezagutzea dela bidaiaren xedea. «Munduko beste errealitateekin harremana izan dugun bezala, oraingoan sahararren egoera bertatik bertara ezagutzera etorri gara, elkartasuna adieraztera eta gatazkaren konponbidean gure ekarpena egitera», esan du.
Datozen egunotan hainbat pertsona, elkarte eta erakundeetako ordezkariekin bilduko da Donostiako alkatea, besteak beste Moulay Hamdi Ould Errachid Aaiungo alkatearekin, Nazio Batuen Erakundeko misioko ordezkariekin eta giza eskubideen ekintzaile sahararrekin.