Espanyoleko zale bati eraso egin diote Bilbon
Athletic eta Espanyolen arteko partidaren atarian, hiru pertsonek eraso egin diote Kataluniatik etorritako zaletu bati, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Polizia autonomikoaren arabera, Bilboko hotel baten atarian eraso egin diote gizonari, emaztea aurrean zela. Ondoren, ustezko hiru erasotzaileek alde egin dute.
Sudurretik odola zeriola utzi dute gizona eta larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute. Ertzainei jazotakoaren berri eman die, baina ez du salaketarik jarri nahi izan.
Horrez gain, Ertzaintzak adierazi du zenbait pertsonek edalontziak eta bestelako objektu batzuk bota dituztela Espanyoleko zaleen aurka. Polizien zaintzapean ari ziren kataluniarrak autobusetatik futbol zelairako bidea egiten.
Iturri berak gaineratu du Espanyolen jokalariak zeramatzan autobusari ere objektuak bota dizkiotela.
Objektuak jaurtitzea egotzita, 18 urteko bizkaitar bat atxilotu dute.
Talde horretako zaleen autobusak ere miatu ditu Ertzaintzak, badaezpadako neurri gisa.