Sindikatuek lanuzte partziala deitu dute Lanbiden martxoaren 25, 26 eta 27rako
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek lanuzte partzialak egitera deitu dituzte Lanbide erakunde autonomoko langile guztiak. Lanbide baldintza onetan abiarazi nahi izatekotan, «langileekin batera lan egin, eta ez langileen aurka» aritu behar dela helarazi diote zuzendaritzari.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorraren Sektore Mahaiaren ordezkaritzaren %100 osatzen dutelarik, hiru egunetarako lanuzte partzialen deialdia egin diete Lanbide Erakunde Autonomoko langile guztiei martxoaren 25, 26 eta 27rako. Zentzu honetan, greba orduak 8:30etatik 14:00era izango direla jakinarazi dute.
Azaldu dutenez, sindikatuen iritziz, «Lanbideko bulegoetako tentsio egoera egunez egun larriagotzen ari da», zuzendaritza-taldeek zerbitzua antolatzeko eta kudeatzeko «gaitasun eza» dela-eta.
Era berean, azken lau urteotan burutu dituzten bileretan gobernuak ez duela «giltzarri puntuetako batean ere» amore eman salatu dute. Honela negoziazio bat eraikitzen saiakerarik egon ez dela iritzi dute. «Sindikatu guztiok susmo bera dugu: adarra jo eta baita ziria sartu ere egin digute. PNVk, Lanbide antolatzerik ez izateagatik aurreko gobernua hainbeste kritikatu zuenak, gero hankasartze berdinak edo okerragoak egin ditu», azpimarratu dute.
Honela, Sailburu berria, Angel Toña seinalatu dute: «Aburtoren lan-taldearen proposamena bere egin du eta ez du Negoziazio Mahaiaren bilerarik deitu, ezarritako planarekin aurrera eginez». Honi gehitu egin diote «langileak jasotzen ari diren erasoen aurkako neurriak ezartzeko Lanbideko zuzendaritzak eta Gobernua erakusten ari diren gaitasun eza».
Hau dela-eta, Toñari dei egin diote, «jasotako herentzia» onar ez dezan. Bai Toñari, hala nola Josu Erkoreka Justizia sailburuari, langileen ordezkariekin «akordioak lortzeko benetako borondatea duen negoziazioa has dezaten» eskatzen diete.
Azkenik, neurri berriak hartu ezean eta lanuzteak ez ezik, abian diren prozesuak auzitara eramango dituztela adierazi dute. «Egia bada, Lanbide baldintza onetan abiarazi nahi dela, langileekin batera lan egin behar da, eta ez langileen aurka», amaitu dute.