AEK-k eta NAIZek hitzarmena egin dute Korrika sustatzeko
Urepeletik etzi abiaraziko den 19. Korrika sustatzeko, elkarlan akordioa sinatu dute AEK-k eta NAIZek. Sinatutako hitzarmenari esker, hedabide digital honek presentzia handia izango du euskararen aldeko ekimenean eta, aldi berean, bere webgunetik Korrika babestuko du.
AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mugikak eta Korrikako arduradun Asier Amondok, alde batetik, eta NAIZeko zuzendari Iñaki Altunak, bestetik, sinatu dute gaur Korrika sustatzeko elkarlan hitzarmena.
Hitzarmen horri esker, NAIZek Korrikaren garapena indartzeko hainbat konpromiso zehatz hartu ditu, publizitateari dagokionez eta Korrika sare sozialetan hedatzeari dagokionez, besteak beste.
Aldi berean, NAIZen presentzia nabarmena izango da lasterketan, emandako laguntzaren adierazle.
Jarraipen berezia
Hitzarmenetik harago, NAIZek jarraipen berezia prestatu du Korrika honentzat. Bihar bertan sareratuko du bere orrialde berezia, egunero egunero mamiz eta irudiz beteko duguna, GARArekin, Info7rekin eta Hamaika Telebistarekin batera.