Baiona 1: Zentro-eskuina eta PS, aise bigarren itzulira
Baiona 1 kantonamenduan ez da ustekaberik izan eta zentro-eskuineko aliantza eta PS izango dira datorren igandeko bigarren itzulian.
Florence Lasserre-David eta Claude Olive, zentro-eskuineko aliantzaren ordezkariak izan dira bikote bozkatuena Baiona 1 kantonamenduan. Bozen %48,26 jasota, aise lortu dute bigarren itzulira pasatzea.
Bigarren indarra PS izan da eta bigarren itzulian zentro-eskuindarrekin lehiatuko da. Nolanahi ere, Mokrane Oukhemanouk eta Sandra Pereirak osatutako bikotea urrun geratu da: botoen %22,31 erdietsi dute.
Hirugarren postuan, ultraeskuindarrak izan dira boto gehien jaso duten hurrengo alderdia, %13,41ekin. Ezkerreko Jean-Yves Come eta Marie-Jose Rivasek bozen %7,04 jaso dute, eta EH Baiko Philippe Duluc eta Maite Etcheverryk, %6,35. Haiengandik urrunago, %2,62rekin, eskuineko bikote bat: Veronique Dazord eta Pascal Lesellier.