INFO

Plisti-plasta, ekuadorrera hurbiltzen ari da Korrika

Aramaiotik Arrasatera jo du Korrikak goizean, eta ederra izan da hemen ere herritarren harrera. Errepidearen bi aldeetan txaloka eta ukabila altxata ikusten zen jendea, eta irrigarria zen umeak eskuarekin bozina jotzeko keinua egin eta zarata aditzean nola motibatzen ziren. Haur pila bat atera dira, lur busti eta hotza kolorez margotuz. Durangon, berriz, Azokak, aurtengo omenduak, bete du bere kilometroa.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Elgeta eta Elorrio izan dira koloreztatu dituzten hurrengo herriak. Azken herri honetan zain zeuden adin guztietako lagunak, tartean Nagore eta Beñat gazteak. Emozioa da Korrikarekin lotzen duten hitza. «Euskararen aldeko oso ekintza polita da. Bi urtetik behin beti zain egoten gara noiz helduko. Hamaika egunez ez da gelditzen… Oso berezia da eta denoi pizten digu barruan zer edo zer», adierazi du Nagorek. «Eta beti ateratzen gara, goizeko bostetan pasatzen bada ere», erantsi du kideak.

Durangon, aurtengo omenduak, Azokak, bete du bere kilometroa Landako gunearen parean. Gerediaga Elkarteko bi ordezkarik heldu diote lekukoari, Nerea Mujikak eta Anton Mari Aldekoa-Otalorak. «Pozik, harro eta esker onez gaude. Gerediaga sortu zenetik gutxi asko beti euskararen alde ibili gara eta oraingoan ere hala egokitu da», erran du Mujikak. Aldekoa-Otalorak Azokaren sortzaileei esker ona erakutsi die. «Guk ez dakit sortuko genuen, baina ekina eman diogu eta horretaz harro gaude. Katebegi bat gara, besterik gabe».

Hala, ttipi-ttapa edo gaur bezala plisti-plasta, aitzinera darrai euskararen mezuak: Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar…