INFO

Urte guttitan aunitz euskaldundu den lurraldean barna lasterka

Arabako Lautadan, urte guttitan aunitz euskahaldundu den inguruan ibili da gaur goizean Korrika. Zeledonek ongietorria egin dio bere jaioterrian, Zalduondon, herritar ugarirekin batera. Adibidez, Olaztiko familia bat, ama eta seme-alaba ttikiak, aita animatzeko prest egon dira, Olaztin laster pixka bat egin ondotik. Goiz jaiki dira, 5.50ean, baina merezi izan du. Pozarren daude.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Badator tropela, tartean aita. «Agurainera!» egin dio oihu familiari. Gustura dabil lasterka. «Beno, ba Agurainera!» animatzaileak ere. Jendetzak jendetza du zain Agurainen, txarangak alaituta. Panderoa jotzen ari da Ismael. Menorkakoa da eta Gasteizen bizi da. Panderojolea da, gitarrajolea, euskara ikaslea... eta esataria Hala Bedi irratian. “Euskaldun txarrak” irratsaioa egiten du bertze euskara ikasle batzuekin batera, euskaltegiko ikasleentzat, «beldurra kentzeko».

Ez dituzte bereizten euskaldun berriak eta zaharrak, kontua euskaraz egitea dela diote, eta hortik dator irratsaioaren izena. Txarangaren ondoan, horiz jantzitako talde bat dago. Oriotarrak dira. Baina herri euskaldun honetatik ez dira deus erakustera etorri, ikastera baizik.

«Barrura begirako ekimen bat da», erran du Javier Zabaleta Orioko Korrika batzordeko kideak. «Aguraingo euskaltzaleengandik asko dugu ikasteko. Ohituta daude korrontearen kontra igeri egiten, ohituta euskalduntasun horretan gotortzen, eta hori falta dugu Orion», adierazi du.

Korrika Gasteizera iritsi da eguedian eta bertan milaka lagunek bat egin dute euskararen aldeko lasterketarekin. Bizkaia aldera abiatu da Korrika, igandean Bilbon baitu hitzordua.

Bilbora ailegatu aitzinetik, hiriburu bat bisitatzea gelditzen zitzaion AEKren ekimenari, Gasteiz. Eta erran dezakegu herritarren harrera beroa jasota, eurekin batera sekulako besta bizita, inoiz egin gabeko gauza bat egiteko puntuan egon dela, egin ezin duen zerbait, gelditzea alegia. Hainbertze gozatu du gasteiztarrekin... Baina lasai, badator helmugara-eta.

Lautadatik hiriburura sartzean, lehendabizi Salburua, ondoren Santa Lucia, Batan, Ariznabarra, Zabalgana... zeharkatuz, a ze zirrara auzoetako jendearen erantzunarekin. Eta Alde Zaharrari buruz, zer idatzi, Korrikarekin batera gu ere han geldituko ginatekeela gehixeago, Kutxi kalearen inguruan.