Tortura, presoak eta bizi osorako zigorrak landuko ditu Bagoaz kolektiboak ekitaldi batean
Larunbatean, apirilak 4, Bagoaz kolektiboak ekitaldi bat antolatuko du Senperen, non torturaren inguruko hitzarte bat, presoak eta bizi osorako zigorren inguruko beste bat eta senideen testigantzak izanen diren.
Larunbat honetan, apirilak 4, Bagoaz kolektiboak Snepereko Larreko kultur gunean ekitaldi bat ospatuko du, non gai desberdinak landuko diren. Alde batetik 80. hamarkada izango dute hizpide, hala nola torturaren inguruko hitzarte bat, zein Jokin Aranalderen esku egonen den. Era berean, Pakito Lujanbio preso ohia bizi osoko zigorren inguruan arituko da eta senideek ere euren bizipenak azaltzeko aukera izanen dute.
Jakes Esnal, Frederik Haranburu, Ion Kepa Parot eta Unai Parotek apirilaren hasieran eginen dituzte 25 urte preso, eta honen harira antolatu dute ekimena. Bagoaz kolektiboak gogora ekarri du lehenbiziko hiruek baldintzapeko askatasuna eskatu dutela. Haranburuk ezezkoa jaso zuen iragan astean. Ion Kepa Parotek,aldiz bostgarren aldiz eskatu du, lehen lauetan ukatua izan ostean.
«Bi kasu hauek argiki erakusten dute epaileek ez dutela pausorik eman nahi haien baldintzapeko askatasunak onartuz. Alderantziz, oztopoak jartzen dituzte», adierazi du kolektiboak.
Zentzu honetan, larunbateko ekitaldia jarrera hau salatzeko erabiliko dute.