Anaitasuna, Nafarroako euskararen indarraren isla
Hunkigarria izango zela eta hunkigarria izan da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Kontseiluak antolatu duen ekitaldia. Euskara Nafarroan bizirik dagoela eta horretarako milaka lagunen esfortzua ezinebestekoa dela aldarrikatu dute. Eta bide batez, Nafarroan abian den aldaketak hizkuntz politikan izan behar duen eragina erabatekoa izan behar dela aldarrikatu dute.
Hunkigarria izan da «zonalde ez euskaldunean» delakoan daude haurrek euskaraz ikasteko egin behar duten esfortzuaren berri izatea. 1.400 ikasleak bost milioi kilometro egiten dituzte urtean Nafarroa zatitzen duen marra bat ezarri dutelako.
Hunkigarria izan da Errigora ekimenak euskararen alde Erriberan egiten duen lana ikustea. Hunkigarria izan da euskarari ezartzen dizkioten trabak eta harresien gainetik euskararen zutabeak behin eta berriz altxatzen direla ikustea.
Momenturik hunkigarriena Adrian Marturet bederatzi urteko haurra gogoan ekarri dutenean bizi izan da. Bere herrian euskaraz ikasterik ez zuen eta Lizarrara joan behar zuen egunero. Bidean hil zen 1999an. Bere amak, Arantza Asiainek, jaso ditu arratsaldeko txalorik beroenak. "Gure haurrak ez dira bigarren mailakoak. Lehen mailakoak dira eta eskubide guztiak dituzte", bota du ohaltzatik.
Hunkigarria izan da euskararen transmisioa bermatu duten gurasoen testigantzak entzutea. Lanorduak bukatu eta gero euskaltegira joateko hautua egin zuten gurasoak dira. Egun semealabekik euskaraz egiteko gai dira. Eta bilobekin ere. Anaitasuna guztiaren txalo zaparrada jaso zuten egindako lanagatik. Ixilpean egindako lana, baina biziki garrantzitsua,
Euskarazko komunikabideen kontrako jazarpena, euskaraz ikasteko oztopoak, Gobernuaren politika ankerra... Oztopo ugari ditu euskarak Nafarroan eta hori irudikatzeko funanbilistaren figura erabili dute. Oreka kaxkarrean beti baina lurrera erori gabe.
Egindakoaz harro egoteko saioa izan da gaur arratsaldekoa. Baina aldarrikapena egiteko ere. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiari tokatu zaio lan hori. Nafarroan abian den aldaketa hizkuntz politika. Marko egokia beharrezkoa da, egungo zonifikazioa gaindituko duena. Planifikazioa eta baliabideak ere beharrezkoak dira. Baina Bilbaok nabarmendu duenez, laugarren zutabea hizkuntz komunitate bat atzean izatea da. Eta euskarak Nafarroan hori badu. Eta sendoa. Gaur arratsaldean Anaitasunean frogatu denez.