INFO

Erregimenaren eta aldaketaren indarrak berdintsu Iruñean, ‘Diario de Navarra’-ren arabera

Nafarroako egunkariak Iruñeko udaletxeari buruzko inkesta argitaratu du larunbat honetan, UPNren hautagari, oraindik alkate den Enrique Mayari, alegia, gehiengoa emanez. Zortzi alderdiz osatutako udaletxea eta aldaketaren eta erregimenaren aldeko indarren arteko berdintasuna aurreikusten du.

Iruñeako hautagaiak aste honetan egindako eztabaida batean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Hauteskunde aurreko azken asteburuarekin batera azkenengo inkestak iristen hasi dira larunbat honetan. ‘Diario de Navarra’ egunkariaren kasua da, gaur Iruñeko udaletxeari buruzko inkesta argitaratzen baitu, erregimenaren eta aldaketaren aldeko indarrak emaitza berdintsuak izanen dituztela iragarriz.

Horrela banatzen ditu Cordovillako egunkariak udaletxeko 27 aulkiak: 9 eta 10 zinegotzi artean UPN (orain 11), 5-6 Geroa Bai (NaBaik 7 orain), Aranzadi hautagaitza berriak 3-4, EH Bilduk 3 zinegotzi berriz ere, PSNk 2-3 (orain 3), lehen aldiz aurkezten den Ciudadanosek 2 eta PP eta Izquierda-Ezkerrak 0-1, hau da, kanpoan gelditzeko arriskuan daude.

Gehiengo osoa 14 zinegotzi direla jakinda, inkestak ez du zehazten nork gobernatuko duen hiriburua. Izan ere, aukeratutako tartearen arabera, erregimenaren indarrek (UPN, PSN, PP eta Ciudadanos) edo aldaketaren aldeko indarrek (EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E) irabazi dezakete.

Honi buruzko guztia: M24