Sare sozialetan «terrorismoa goratzeagatik» sarekada berria abiatu du Guardia Zibilak
Sare sozialetan «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta, Guardia Zibilak hamar pertsona atxilotu ditu Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Bartzelona, Madril, Segovia eta Pontevedrara ere zabaldu da operazioa. Atxilotu gehienak aske geratu dira.
Guardia Zibilak sarekada egin du sare sozialetan «terrorismoa goratzea egotzita». Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban hamar pertsona atxilotu dituzte. Euskal Herriko mugetatik kanpo, Bartzelonan, Madrilen, Segovian eta Pontevedran ere atxiloketak izan dira. Guztira 19 lagun atzeman dituzte, Efe eta Europa Pressen arabera, horien artean Def con Dos musika taldeko abeslaria. Gehienak aske utzi dituzte egunean zehar.
Ane Ituño abokatuak Infozazpi Irratiari baieztatu dionez, Kaiet Prieto (Barakaldon) eta Xabier Arruza (Erromon) dira atxilotuetako bi. BarakaldoDigital.com-ek Twitterren adierazi duenez, Andeka Jurado Bagatzan atxilotu dute. Alfredo Remirez amurrioarra (@erreharria), berriz, Bilbon atzeman dute etxetik atera denean, Aiaraldea. com atariak zabaldu duenez.
La Salveko kuartelean deklarazioa eman ondoren aske utzi dituzte Jurado, Remirez eta Prieto. Ane Ituñok esan duenez, ez dute deklaratu eta diligentziak ireki dizkieten arren ez dakite zehazki zer leporatzen dieten.
Gasteizko Harresiak Twitterren adierazi duenaren arabera, Gasteizen Jon Egurzegi atxilotu dute.
En el marco de la Operación Araña III, la GC ha detenido a Jon Egurzegi, Jonbi, que ha estado en el grupo de comunicación de #ResistGasteiz
— #ResistGasteiz (@GasteizHarresia) May 19, 2015
Tolosako Atariak, aldiz, Gipuzkoan atxilotuetako bat Iker Ibarluzea ibartarra dela adierazi du, senideen iturriak aipatuz. Intxaurrondoko kuartelera eraman dute eta, deklarazioa eman ostean, aske utzi dute 18.00ak aldera.
Astearte honetan abian jarri dutena ‘Araña’ izenez ezagutu zen operazioaren jarraipena izango litzateke.
Iazko apirilean jarri zuten martxan operazioaren lehen fasea, 21 atxiloketa burutuz (horietatik 15 Euskal Herrian). Hilabete batzuk beranduago, azaroan, beste 19 lagun atzeman zituzten (11 Euskal Herrian) bigarren fasean.