INFO

Parisko ekaineko Bake Konferentziaren egitaraua eta hizlariak aurkeztu dituzte

Ekainaren 11n Asanblea Nazionalean egingo den ‘Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa’ren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean. Aurkezpenean Baionako agiriaren sinatzaile guztiak eta antolatzaileen (Bake Bidea eta Giza Eskubideen Liga) ordezkariak izan dira.

Bake Bidea eta Giza Eskubideen Ligako ordezkariak, ekaineko konferentziaren egitaraua aurkezten. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Parisko Asanblea Nazionaleko Victor Hugo aretoan, ekainaren 11n, goizez, garatuko da ‘Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa’. Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte egitaraua eta parte hartuko duten hizlariak, Euskal Herriko nahiz nazioarteko pertsona entzutetsuak, gatazken konponbidean adituak. Anaiz Funosas eta Christophe Desprez Bake Bidea eta Giza Eskubideen Ligako Ipar Euskal Herriko ordezkariek, hurrenez hurren, eman dituzte xehetasunak. Konferentzia bi erakunde horiek antolatzen duten arren, beste lau erakunde garrantzitsuren babesa jaso du: Berghof Fundazioa, Harremanetarako Nazioarteko Taldea, Counciliation Resources eta Bakearen aldeko Foro Sozialarena, hain zuzen ere.

Bi zati

Konferentzia goizean izango da. Antolatzaileen harreraren ostean, Pierre Joxe Barne ministro ohi eta Aieteko Konferentziako sustatzaieak Euskal Herriko bake prozesuaren sorrera eta egoera azalduko du. Lan horretan Jean-Jacques Lasserre senatari zentrista, Max Brisson UMPko kontseilari eta Frederique Espagnac PSko senataria izango ditu lagun. 

Bi zatitan banatuko da jardunaldia. Lehenean adiskidetzea eta elkarbizitza hizpide hartuta, bake prozesuan biktimek izan behar duten lekua jorratuko dute Pierre Hazan, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kide eta bake gaietan adituak, eta Brandon Hamber Hego Afrikako gatazken konponketarako ikertzaileak.

Bigarren zatian bake prozesuetan presoek izan behar duten lekua aztertuko dute. Raymond Kendall HNTko partaide eta Interpoleko ohorezko idazkari orokorraren gain izango da hitzaurrea. Ondoren, Gerry Kelly Ipar Irlandako diputatu eta IRAko preso ohiak, Gabi Mouesca Iparretarrak taldeko militante eta preso izandakoak eta Brian Currin HNTko koordinatzaile eta abokatuak sakonduko dituzte gaiaren erpinak.

Eguerdi aldera, Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente Michel Tubianak lanen sintesia egingo du. Ondorio gisa, Konferentziaren ekarpena izatea nahi duten «Euskal Herrian Bakerako agiria» irakurriko du Serge Portelli Versailleseko Dei Auzitegiko presidenteak.

Antolatzaileek konferentzia Parisen ospatzearen garrantzia nabarmendu dute, baina sinbolismo horretatik harago, gatazkaren konponbidean Gobernu frantsesaren engaiamendua bultzatu nahi dute. Hala, bilkura bake prozesuan aurrera egiteko urrats handia izango dela uste dute.

14 diputatu eta senatariren babesa

Agerraldian Baionako Deklarazioaren sinatzaile guztiak izan dira, Jean-Jacques Laserre, Jean Lassalle eta Frederique Espagnac ezik, ezin izan baitute bertan egon. Ipar Euskal Herriko hautetsiez gain, Asanblea Nazionaleko 14 diputatu eta senatariren babesa jaso du konferentziak, horien artean Cecile Duflot ministro ohi eta Noel Mamerre-rena, biak Berdeen taldekoak; Paul Molac bretoiarena ea Jean-Christophe Lagarde UDI alderdi zentristako presidentearena. Sostenguak gehitzeko lanean ari direla esan dute.