Maroto alkate izan ez dadin «aukera guztiak agortzeko» eskatu dute gazte eragileek
Gasteizko gazte eragile ugarik agerraldi bateratua egin dute «instutizioetatik bultzatzen den arrazakeria» salatu eta hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten alderdi guztiei dei oso zehatz bat egiteko: «Maroto alkate ez izateko dauzkaten aukera guztiak» agortu ditzatela.
Udaletxe aurrean bildu dira Gasteizko gazte eragile anitz, maiatzaren 24ko bozen ondotik «garatutako testuingurua ikusirik, instituzioetatik bultzatzen den arrazakeria salatzeko eta berriro eman ez dadin bermeak ezarri daitezen».
Atxikimendua eman duten eragileen artean daude EGI, Ernai, Gazte Abertzaleak, Gazte Komunistak, Podemos Gazteak Zirkulua, Ezker Anitza gazteon arloa edota Ikasle Abertzaleak, besteak beste. Orotara, Gasteizko hamabost gazte eragile baino gehiago daude.
«Oraina aldatzeko hautua» egin dutela adierazi dute gazteek eta azpimarratu dute «ez dugula nahi Marotok eta bere alderdia den PPk bilatzen duten kolorerik gabeko Gasteiz hori».
Ildo horretan, dei berezi bat egin diete EH Bildu, EAJ, PSE, Sumando eta Irabazi alderdietako ordezkariei, «erantzukizun politikoz» joka dezaten eskatzeko. «Aurreko legealdian eta kanpaina bitartean hain larritzat jotzen ziren diskurtso eta praktika arrazisten aurka posizionatzeaz gain, konpromiso garaia dela deritzogu».
Horregatik, ezinbestekotzat jo dute «Maroto alkate ez izateko dauzkaten aukera guztiak agortzea».