INFO

Akordiorako eta elkarlanerako bideak ikusi dituzte EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk

EH Bilduko eta EAEko Ahal Dugu alderdiko ordezkaritzek aurreneko bilera ofiziala egin dute Bilbon, eta sozioekonomia arloan dituzten adostasunak agerian gelditu dira. Bertatik abiatuta elkarlanerako bideak ikusi ditu Hasier Arraizek.

EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko ordezkaritzak, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

EAren Bilboko egoitzan bildu dira koalizio abertzaleko eta Ahal Dugu alderdiko ordezkaritzak. Bilera bukatuta, Hasier Arraizek eta Roberto Uriartek egin dituzte adierazpenak, nork bere aldetik.

EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidente den Hasier Arraizek positiboki baloratu du lehen batzar ofizial hori. «Bi formazioen artean akordiorako aukerak badaudela» azaldu du Arraizek, eta elkarlanerako aukera badagoela gaineratu du, bai erakundeetan eta bai bestelako espazio batzuetan.

Nabarmendu duenez, adostasun nagusiak sozioekonomiaren arloan dituzte bi alderdiek, eta horrek elkarlanerako aukera ematen duela zehaztu du.

Arraizen esanetan, nazio identitatearen eremuan postura desberdinak dituzte EH Bilduk eta Ahal Duguk. Bi formazioak elkarrengandik hain urrun ez daudela ikusarazten saiatu da Arraiz. «Erabakitzeko eskubidean bat egiteko aukera izango dugu», azpimarratu du.

Bakegintza eta elkarbizitza arloan ere ikuspegi desberdinak dituztela adierazi du Roberto Uriarte EAEko Ahal Duguko idazkari nagusiak.

Uriarteren esanetan, EAJrekin egin zutenaren antzeko bilera izan da koalizioarekin egin dutena. Jeltzaleek egoera sozioekonomikoaz egiten zuten irakurketaren aldean beraiek beste diagnostiko bat egiten dutela nabarmendu du Uriarte. «Bilduren kasuan, askoz antzekotasun gehiago daukagu arlo sozioekonomikoan eta desberdintasunak beste eremu batean egon daitezke, identitatean edo bakegintza politikan kasu», azaldu du.

Edonola ere, argi du «ez daukagula etorkizunean akordioetara iristeko inolako ezintasunik».

Lehen bilera hau elkar ezagutzeko eta hizketan hasteko izan dela esan du Uriartek.