INFO

Leire Rodriguezen hilketa gogor gaitzetsi dute Bilbo eta Arrigorriagako Udalek

Bilbo eta Arrigorriagako Udalek gogor gaitzetsi dute senar ohiak duela bi aste autoarekin harrapatuta Bilbon gertatu zen Leire Rodriguezen heriotza, «etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita». Ostegun honetarako deitu den elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.

Bilboko Udaleko bozeramaleen batzordea. (NAIZ)

Urgentziaz bilduta, genero indarkeria kasu berriaren aurrean «samina eta ezin ulertua» adierazi du Bilboko Udaleko bozeramaleen batzordeak.

Izan ere, asteazken honetan jakin da duela bi aste Abusu auzoan ihes egin zuen auto batek harrapatuta zendu zen Leire Rodriguezen heriotza genero indarkeria kasu bat izan dela. Senar ohiak trenbidera bota zuen atzo bere burua, Ertzaintzaren Erandioko komisaldegira joateko zitazioa zuen egun berean. Larri zaurituta dago, Gurutzetako ospitalean.

Zentzu horretan, bozeramaleen batzordeak kaleratu duen erakunde adierazpenean bilbotarrei gogoratu die «milaka emakumek zuzenean pairatzen dituzten egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txeratatuda daudela». «Leireren heriotza genero-indarkeriaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira», nabarmendu dute.

EAJ, EH Bildu, Udalberri, Goazen Bilbao, PSE eta PPren ordezkariek dei egin dute «emakumeen kontrako adierazpide bortitz ororen kontrako jarrera hartzera», herritarrek jarrera horiek sala ditzaten, «onartu gabe eta haien aurrean isilik egon gabe».

Elkarretaratzea

Rodriguezen senide eta lagunei elkartasun osoa adierazteaz gain, ostegun honetan Abusun egingo den elkarretaratzean (12.00etan, zentro soziokulturalean) parte hartzeko dei egin du Bilboko Udaleko bozeramaleen batzordeak.

Arrigorriagako Udalak ere Leire Rodriguezen hilketa gaitzeseko adierazpena kaleratu eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.