Eraso faxista salatzeko Bilboko udal taldeen bilkura eskatu dute
EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek bozeramaileen batzordea presaz biltzeko eskatuko dute astelehen goizean Arangoitin gertaturiko eraso faxista aztertu eta salatzeko adierazpena sinatzeko.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak babes osoa eskaini dio eraso faxista jasandako gazteari eta haren sendiari, eta berehala sendatu dadin espero duela adierazi du. Ibaibarriagak salatu egin du eraso faxista zein «garbi dagoen ondo pentsaturikoa eta neurturikoa izan zela, eta oso larria eta arbuiagarria».
EH Bilduko bozeramaileak dei egin die udal agintariei zein herritarrei «denon artean errotik desagerrarazteko portaera eta jarrera faxistak, inongo tokirik izan ez dezaten gizartean». Era berean, instituzioei exijitu die lan egin dezaten eskuin muturreko talde faxista hori berehala desegiteko.