INFO

Jose Luis Elkorok erabateko askatasuna berreskuratu du gaur arratsaldean, zortzi urte eta gero

Jose Luis Elkoro bergararrak erabateko askatasuna berreskuratu du gaur, orkatilean ezarri zioten pultsera telematikoa kenduta. Bihar eguerdirako jarria zioten hitzordua Martuteneko espetxean, baina arratsaldeko lehen orduan deitu diote kartzelatik eta berehala joateko agindu. 16.45ean erabat aske geratu da, 80 urterekin eta zortzi urteko espetxealdiaren ostean, azken bostak etxean, kontrolpean. 1998ko uztailean itxi zuten ‘Egin’ eta kartzela zigor handiak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak egunkariko arduradunei. Preso dira oraindik horietako batzuk, Jabier Salutregi zuzendaria horien artean.

Jose Luis Elkoro bere Hondarribiko etxean, erabat aske. (Iñaki SOTO)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Orain 17 urte hasitako bide makurraren amaiera iritsi zaio gaur arratsaldean Jose Luis Elkoro bergararrari. 2009tik preso, 2010etik espetxe arinduan, erabateko askatasuna berreskuratu du gaur arratsaldean, espero baino ordu batzuk lehenago. Bihar eguerdian joan behar zuen Martuteneko espetxera orkatilean ezarri zioten pultsera telematikoa kentzera, baina ustekabean hitzordua aurreratu dute. Hondarribiko etxean siesta egiten ari zela, kartzelatik deitu eta berehala joateko agindu diote, NAIZek jakin duenez. 16.45ean erabat aske zegoen 80 urteko Bergarako alkate ohia, zortzi urteren ostean.

2009tik preso izan da ‘Egin’ egunkaria argitaratzen zuen Orain SAko arduraduna izatea egotzita eta 2010tik espetxetik kanpo bete du zigorra Elkorok; kontrol neurri gisa pultsera telematiko bat ezarri zioten.

Lehen harrera bihar eta ostiralean ekitaldia Bergaran

Elkorori lehen harrera egingo diote bihar Bergaran, 12.00etan Munibe plazan. Ostiralean, berriz, ‘Mugituko da’ ekimenak antolatuta, ‘Bakea eta batasunaren gurpila’ izenez ekitaldi berezia deitu dute 19.00etan. Bertan Elkorekin eskuz esku lan egin duen jende esanguratsuaren parte-hartzea espero da.

Espainiar epaitegiek ‘Egin’-ekin zuzenean lotu zituenetako gehienek askatasuna berreskuratu duten arren, espetxean jarraitzen dute Jabier Salutregi garaiko egunkariko zuzendariak eta auziaren zati berean zigortutako Karlos Trenor, Jesus Mari Zalakain eta Joxean Etxeberriak ere.

1998ko uztailaren 15ean sartu zen Espainiako Polizia ‘Egin’ egunkariaren eta Egin irratiaren instalazioetan, denak itxiz. Lau hilabete beranduago prozesatu zituzten argitaralpenarekin loturik epaituko zituzten denak. ‘Egin’-ekin abiatutako ikerketak 18/98 sumarioa sortu zuen gerora, egunkariaren auziari Xaki, Ekin eta Joxemi Zumalabe fundazioaren aurkako piezak gehituz.

2005eko azaroaren 21ean hasi zen makrosumarioaren epaiketa, 52 pertsona prozesatu zituzten. 204 saio eta hamasei hilabete eta gero amaitu zen epaiketa. 2007ko azaroan, ebazpena ezagutzerako, prozesatu gehienak atxilotu zituen Polizia espainiarrak eta hilabete beranduago iritsi zen ebazpena. Elkorori 24 urteko espexe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazioanak, Auzitegi Gorenak 8ra jaitsi zuen azkenean. Salutregi zuzendariari 12 urtekoa ezarri zioten lehenbizi eta 7 urte eta erdira jaitsi gero. Oraindik espetxean direnek ere antzeko zigorrak jaso zituzten, 17 (Gorenean 10 eta erdi) Trenorrek, 9 (Gorenean 8) Zalakainek eta 17 eta erdi (Gorenean 12) Joxean Etxeberriak.

Irailaren amaierako eta urrirako espero da Jexux Mari Zalakain eta Jabier Salutregiren askatasuna; aurten irten dira libre ‘Egin’ auziagatik zigortu zituzten Manu Intxauspe, Patxo eta Isidro Murga, Xabier Alegria eta Pablo Gorostiaga