EH Bilduk oinarrien esku utziko du zerrenda bateratua osatzeko proposamenari buruzko erabakia
EH Bilduk herri batzarrak burutuko ditu irailaren 16tik 24ra, koalizio abertzalearen oinarriek erabaki dezaten EHUko irakasle talde batek zerrenda bateratua osatzeko eginiko proposamena onartu edo ez.
Bilbon eginiko agerraldi batean, EH Bilduko eledun Oskar Matutek azaldu du koalizioak parte-hartze prozesua jarriko duela abian, Madrilgo Gorteetarako hauteskundeetara zein modutan eta zein zerrendakiderekin aurkeztuko den militanteek erabaki dezaten.
«EH Bilduko militantziak erabakiguneak izatea da gure helburua eta hurrengo egunetan abian jarriko dugun prozesua barne demokrazian sakontzeko lehen urratsa da», nabarmendu du Matutek.
Gogorarazi duenez, joan den uztailean koalizioko bozeramaleek aurreratu zuten irailean erantzungo ziotela Estatuko hauteskundeetarako zerrenda bateratua osatzeko EHUko irakasle talde batek egindako eskaintzari. «Gainera, –esan du Matutek– erabaki hori EH Bilduren militanteek hartuko zutela argi utzi genuen. Heldu da iraila eta gure oinarriek erabaki hori hartzeko prozedura parte-hartzaile eta gardena abian jartzera goaz».
Bide horretan, hilaren 16tik 24ra bilerak egingo dira Hego Euskal Herriko udalerri guztietan eta bertara deitu dituzte koalizio abertzaleko militante guztiak. Prozedura honetan, zehaztu dute, ez ira aintzat hartuko herri batzar osoaren erabakiak, baizik eta militante bakoitzak emandako botoa izango dute kontuan eta zenbaketa orokorra egingo dute.
Bestalde, urriaren 16tik 30era batzarrak deituko dituzte berriro, kasu honetan Kongresurako eta Senaturako barruti bakoitzeko zerrendaburuak aukeratzeko.
Matuteren esanetan, parte-hartze prozesu hau abian jarrita, «zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmena emateko gure irizpidearekin». «EH Bilduko militantziak erabakiak hartzeko guneak behar dituela uste dugu, eta hurrengo hasteetan abian jarriko dugun ekimena bide horretan lehen urratsa izango da», azpimarratu du.