Askapenako kideek beren jardun internazionalista aldarrikatu dute, sarekadaren 5. urtemugan
Askapenako bost kide espetxera eraman zituen polizia operazioaren bosgarren urteurrenean eta haien aurkako epaiketa hastear dela, auzipetuek euskal internazionalismoaren beharra aldarrikatu eta Estatu espainiarraren «izaera inperialista» salatu dute. Epaiketaren aurka antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gonbitea ere plazaratu dute.
Askapenaren aurkako aferan auziperatuta dauden bost lagunek –Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Unai Vazquez, David Soto eta Gabi Basañez– agerraldia egin dute astelehen honetan, hain justu Polizia espainolak atxilotu zituela bost urte bete diren egunean. Guztira zortzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, baina bostek jarraitzen dute auziperatuta.
Hiru eta sei hilabete bitarteko espetxealdiaren ondotik, bermepean atera ziren kalera eta ordutik auzitegian astero sinatu eta Estatu espainoletik atera ezinean daude.
Esan dutenez, argi dute «orain bost urteko polizia operazio hark euskal internazionalismoa, herri mugimendua, euskal militantzia eta, oro har, ezker abertzalea kolpatzeko ekintza izan zela». Ordutik hona «jarrera zapaltzaile eta errepresiboak» etenik izan ez duela salatu dute.
Urriaren 19an abiatuko da epaiketa
Gogoratu dute datorren urriaren 19an hasiko dela Auzitegi Nazionalean beraien aurkako epaiketa. Seina urteko espetxe zigorra eta milaka euroko isunaren mehatxuaz gain, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke eragileak legez kanporatzeko eskaera dago mahai gainean.
Ildo horretan, euskal internazionalismoaren beharra aldarrikatu eta beren jardunaz harro daudela adierazi dute auziperatuek. Estatu espainolaren «izaera inperialista» ere arbuiatu dute.
Azkenik, Euskal Herrian nahiz munduko beste txokotan antolatu diren herri epaiketa eta ekimen desberdinetan parte hartzeko deia egin dute. Bereziki aipatu dute urriaren 12an Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko den Herri Libreen Martxa.