INFO

EH Bilduk gaur hasi eta urriaren 30 arteko prozesuan erabakiko ditu hauteskunde zerrendak

Tokiko batzarrek erabakiko dituzte EH Bilduren hautagaiak, «prozesu zabal, parte-hartzaile eta gardenean». Osatzen duten alderdiez harago, koalizioaren beraren marka indartuta aterako dela azaldu dute Oskar Matutek eta Nekane Perezek.

Oskar Matutek eta Nekane Perezek aurkeztu dute prozesuaren bigarren fasea nolakoa izango den. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Gaur bertan, urriaren 16arekin, abiatuko du EH Bilduk Estatu espainoleko hauteskunde orokorretako hautagaien zerrendak osatzeko prozesuaren bigarren fasea. Aurrenekoan, Amaiurrek agortzear den legegintzaldian egindako lana eta beste indar batzuekin konfluentzian aurkezteko aukera baloratzeaz gain, zerrendak osatzeko izenen proposamenak jaso dira batzarretan. Bigarren honetan, Kongresurako eta Senaturako hautagai horiek zein izango diren erabakiko dute.

Donostian egindako agerraldian, Oskar Matutek eta Nekane Perezek nabarmendu dute hasieratik «prozesu zabal, parte-hartzaile eta gardena izatea» bilatu duela indar politiko subiranistak, «alderdien eremua gaindituz eta gure proiektuarekiko hurbiltasuna edo adostasuna sentitzen duen orori parte hartzeko aukera emanez».

Urriaren 30 arte luzatuko den fase honetan, EH Bilduko oinarriak izango dira erabakitzeko subirano. «Zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabakitzeko ahalmena emateko gure irizpidearekin», agertu dute. Hautaketa prozesua nominala izango da, «beraz, izen bakoitzari emandako botoak zenbatuko dira. Eta parekotasuna bermatzeko, batzarretan gizon bat eta emakume bat bozkatu beharko dira». Urriaren 31n, agerraldi publiko batean, jakinaraziko ditu EH Bilduk prozesu honen emaitzak.

Aukeratzeko mahai gainean izango diren izenak honakoak dira:

Arabatik, Iker Urbina, Jon Iñaki Lezea, Lorena Lopez de Lacalle eta Rafa Larreina.

Bizkaitik, Onintza Enbeita, Leire Pinedo, Maritxu Buzentsi, Irantzu Varela, Asier Gomez eta Jon Iñarritu.

Gipuzkoatik, Alberto Unamunzaga, Ander Rodriguez, Lohitzune Txarola, Maider Karrere, Maite Sarasua, Marian Beitialarrangoitia, Urko Aiartza eta Xabier Mikel Errekondo.

Nafarroatik, Sabino Cuadra, Eneko Compains, Garazi Labiano, Amaia Izko eta Juanje Soria.

Era berean, Perezek eta Matutek adierazi dute EH Bilduk «gogoz eta arduraz» hartzen dituela abenduaren 20ko hauteskundeak: «Oso argi dugu egoerak, bai Euskal Herrian bai Estatuan, euskal gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapen politiko eta sozialei konpromiso eta ekintza zehatzekin erantzungo dien interbentzio argi eta irmoa eskatzen duela».