INFO

Poloniako kaxubiarrak, Nafarroa Oinez jaiko gonbidatu bereziak

Txikiak Handi proiektuaren barnean, gonbidatu bereziak izanen ditu Baztango Nafarroa Oinez jaiak. Baztan ikastolako ikasle ohi bat, Maialen Sobrino, Polonian da eta bere bidez sortu da harremana iparraldeko Pomerania eskualdean bizi diren kaxubiarrekin. Gaurko bestan, kaxubiera ezagutaraziko dute. Bestalde, «Non dago eguzkilorea?» filma sortu du bertze ikasle ohi batek, Miren Karmele Gomezek. Iruñeko Planetarioan estreinatu dute aste honetan.


Jon Barberenaren hitzak eta Iñigo Beltzunegi Iturria-ren musika duen “Hama... bortz, ama... bat” kantuak ongi dioen bezala, Nafarroa Oinez Baztandik mundurat zabalduko da gaur, eta euskaraz mundu bat bilduko da paraje ikusgarriak dituen bailaran. Adibidez, Muixeranga, Alcanteko talde bat, izanen da lehen gunean, Erberean, 15.30ean.

Lekaroz, Elizondo eta Elbete lotuko dituen 5,8 kilometroko itzulian izanen dira kaxubiarrak ere. Polonian den Maialen Sobrino ikasle ohiaren bidez Baztan ikastolarekin harreman hagitz ona sortu dute kaxubiarrek eta lehendik ere izanak dira gurean. Korrika ezagutu zuten. Orain, oinez ibiltzea erraz-erraza eginen zaie, beraz.

Kaxubiarrena 240.000 biztanle eta 108.000 hiztun inguru dituen komunitatea da, ofizial gisa onartua ez den hizkuntza berrindartzeko lanean ari dena. Kaxubiera espazio pribatuan, bereziki etxean, solastatzen dutenez, bigarren mailako lengoaiatzat hartu dute hainbatek eta horrek seme-alabenganako transmisioa moztea ekarri du kasu aunitzetan.

Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien artean zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Egitasmoaren barrenean sartzen da kaxubiarrekin sortutako erlazioa.

«Non dago eguzkilorea?» filma

Baztan ikastolako bertze ikasle ohi baten, Miren Karmele Gomezen, ekimenez sortu da akaso aurtengo Oinezen proiektu berritzaileena dena: Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean egin den “Non dago eguzkilorea?” pelikula. Gomezek lan egiten duen planetarioko kupularako egokitutako ikus-entzunezkoa da, marrazki bizidunez egina, euskaraz, etxeko txikientzat.

Euskal mitologia eta zientzia uztartzen dituen istorioa kontatzen du. Abiapuntua Baztanen galdu den eguzkilore bat da. Bere bilaketan, izarrak, ilargia eta konstelazioak ezagutuko ditu ikusleak, euskal mitologiako pertsonaia ezagunen laguntzaz. Filmaren ekoizpenean ikastolako hainbat guraso, ikasle eta ikasle ohik parte hartu dute musika eta ahotsa jarriz, baita Elizondoko Koro Ttikiko haurrek ere. Narrazioa Baztanen girotuta dagoenez, bailarako txoko ezagunak agertzen dira.

“Non dago eguzkilorea?” aste honetan estreinatu da Iruñeko Planetarioan. Gainera, 2015-2016 ikasturtean bertako hezkuntza programaren baitako Izar Eskolan ikusten ahalko da. Eta gaztelania, frantses eta ingelesezko bertsioei esker, Baztango kondaira eta ipuinen xarma munduko bertze planetarioetara zabalduko da.