Larunbatean Baionan kalera ateratzearen garrantzia berretsi dute eragileek
Euskalgintzako eragile ezberdinetako dozena bat kidek manifestazioa hasiko den tokitik bertatik deiadarra egin dute «Ipar Euskal Herria egituratzeko eta euskarari ofizialtasuna emateko». Herri bultzadaren garrantzia nabarmendu dute.
Baionako gune instituzionaletik bertatik, Xaho kaiatik, larunbat arratseko bostetan Deiadar manifestaldia hasiko den zero gunetik hain zuzen, egungo erakundetzeak eta politikek «muga jo» dutela konstataturik, prentsaurreko sinbolikoa eman dute Euskal Konfederazioan biltzen diren euskalgintzako eragileek. Han izan dira, besteak beste, Seaskako Pascal Indo eta Ur Gorostiaga, AEK-ko Maider Heguy eta Jakes Bortairu, Euskal Irratietako Tito Belbeder edota Bertsolarien Lagunen Joana Itzaina.
Departamenduko Kontseilua, Euskararen Erakunde Publikoa, Garapen Kontseilua eta Hautetsien Biltzarra hartzen dituen eraikin ofizial luzeak izan dituzte aurrean, eta Roland Barthes belarrezko zabalunea haien parean. Egoera hori hartu dute metaforatzat, «eremu hau, Ipar Euskal Herria bezala, zabala, atsegina eta potentzialtasun handikoa» baita, baina «ez antolatua», eta beraz bertan proiektuak garatzeko «frango mugatua», salatu du AEKko Jakes Bortairuk hitza harturik. Horregatik Ipar Euskal Herria egituratzearen ezinbestekotasuna aldarrikatu du Bortairuk.
Seaskako Pascal Indok, bere aldetik, gogorarazi du ez dagoela «politika koherenterik» egiterik, ez eta euskararen egoerak eskatzen dituen «neurri azkarrak» hartzerik, erakunde propiorik gabe. Ozen eskatu du «euskal herri elkargoa».
Ikas elkarteko Aines Dufok azkenik, euskararentzako lege gerizaren ezinbestekotasuna izan du ahotan. Hori «ezarri egin beharko» dela aipatu du, ez delako «egungo agintarien gogoetan».
Baionako hitzorduan ahalik eta jende gehien biltzearen beharra agerian utzi dute euskalgintzako eragileek.