San Markon gehien birziklatzen duten herriak «itotzen» jarraitzea egotzi diete EAJ eta PSEri
EH Bilduk salatu duenez, EAJk eta PSEk San Marko mankomunitatean gehien birziklatzen duten herriak ekonomikoki «itotzen» jarraitu nahi dute. EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia bete dadila eta herriek jasotzen duten zerbitzuaren arabera ordain dezatela exijitu du koalizio abertzaleak.
San Marko mankomunitateko kide diren herrietako EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena kautelarki aplikatu dadila exijitzeko eta, ondorioz, herri bakoitzak jasotzen duen zerbitzuaren arabera ordaintzeko.
Gogoratu dutenez, uztailean esan zuen auzitegiak herriek zerbitzuaren arabera ordaindu behar dutela, «eta ez orain arte moduan populazioaren proportzioaren arabera».
Koalizioko ordezkarien esanetan, «ez da justua gero eta hondakin gutxiago sortzeko ahalegina egiten duten herriak esfortzu hori egiten ez dutenen maila berean ordaintzea».
Uztaileko ebazpena «argia» izan arren, EAJk eta PSEK helegitea jartzeko nahia erakutsi izana kritikatu du EH Bilduk, «herriak ez dagokien dirutza ordaintzen jarraitzera behartu» nahi dituztela leporatuz.
Sententzia aplikatuta, eta koalizioaren kalkuluen arabera, Hernanik 113.000 euro gutxiago ordaindu beharko lituzke urtero; Pasaiak, 93.000 euro gutxiago; Oiartzunek 60.000 gutxiago; Lezok 36.000 euro gutxiago; Astigarragak 30.000 gutxiago eta Usurbilek 3.700 gutxiago.
Denis Itxaso San Markoko buru zeneko hitzak ekarri dituzte gogora, auzia epaitegietara iritsi zelako poza adieraziz eta, ondorioz, epaia esku artean izanda bere hitzekin «kontsekuente» izateko eskatu diote.
Ildo horretan, jakinarazi dute abokatuaren bitartez galdegin dutela epaia kautelarki aplika dadila.