Nafarroa Akitania-EAE euroeskualdean sartzea aztertu dute Andorran
Uxue Barkos, Iñigo Urkullu eta Alain Rousset Andorran bildu dira Nafarroa EAEk eta Akitaniak osatzen duten euroeskualdera batzeko. Lantalde bat eratzeko premia nabarmendu dute.
Iñigo Urkullu, EAEko lehendakaria, Uxue Barkos, Nafarroakoa eta Alain Rousset, Akitaniako Gobernukoa, Andorran bildu dira Nafarroa Akitania-EAE euroeskualdean sartzeko lanetan.
Lakuak jakinarazi duenez, uztailean Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatu zutenetik, Akitaniak eta EAEk osatzen duten euroeskualdeko lankidetza esparruan sartzeko nahia adierazi du nafar Gobernuak. 2000 urtera arte ere parte hartu zuen lan esparru horretan.
Hala, ostegun honetako bileran, hiru arduradun politikoek agerian jarri dute «esklusiboki Euskadiko, Akitaniako eta Nafarroako ordezkari politikoez osatutako lantalde bat eratzeko premia, foru erkidegoaren atxikimenduarekin lotutako kontu guztiei hel diezaien».