INFO

Eibarren garaipen baliotsua (1-0)

Lehen zatian partida erabakita uzteko aukerak izan ditu Eibarrek Rayoren aurka, baina azkenean amaierararte sufritu behar izan du hiru puntuak etxean gelditzeko. [Partidaren xehetasunak]

Eibartarrak garaipenaren gola ospatzen. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Futbolean maizegi esan ohi da gehiegi parkatzen duenak, azkenean ordaindu egiten duela. Eibar antzeko zerbait pairatzeko zorian izan da gaur goizean Ipuruan. Lehen zatian gol aukera andana sortu dituzte eta Rayo mendean hartu dute. Mendilibar txaloka aritu da etengabe aulkitik.

20. minutuan egin du EIbarrek partidako gol bakarra. Aukera garbiak izan dituzten arren, Llorentek egin du bere atean gola. Epaileak ere Eibarren aldeko bi penalti adierazi gabe utzi ditu.

Bigarren zatian aldiz, minutuak aurrera joan ahala, Eibar partidaren kontrola galtzen hasi da eta azken minuturarte sufritu behar izan du markagailua defendatzeko, ez baitu ate aurrean asmatu. Hala ere, oraingoan txanpona bere alderantz erori da eta hiru puntuak etxean geratu dira. Rayo partida berdintzeko saiatu da, baina ez ditu aukera garbiak sortu.