INFO

Obaba, Asteasu eta singulartasuna

‘Muskerraren bidea’ Bernardo Atxagak irudikatutako Obaba eta Asteasu erreala bateratzen dituen proiektua da. Gida literario bat argitaratu du Atxagak berak, Asteasun zehar egin daitekeen ibilbidea azalduz.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


‘Muskerraren bidea’ Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratzen dituen proiektua da, Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua. Toki imaginarioa da Obaba, Atxagaren literatura imaginarioan gordeleku garrantzitsu izan dena. Bertan daude kokatuta ‘Sugeak txoriari begiratzen dionean’, ‘Bi anai’ eta, bereziki, ‘Obabakoak’, hizkuntza gehienetara itzulia izan den euskal obra.

Obabaren inguruan gida literarioa osatu du orain Atxagak. Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da ‘Muskerraren bidea’.

Ez da soilik literaturara eramandako bide bat, fisikoki, Asteasun egin daitekeena ere bada. Datorren larunbatean antolatu dute inaugurazio gisa Muskerraren Eguna. Goizean hasita, Atxagak berak gidatuko du ibilbidea eta arratsaldean hitzaldia eskainiko du udaletxeko ekitaldi-aretoan. Ondoren, musika emanaldiak izango dira.