INFO

Mende erdiko orube bat: DA!

Durangoko Azoka bada, izan delako da. Berrogeita hamar urteko liburu mardul bat da, binilo historiko digitalizatu bat. Kantu koral bat, biografia kolektibo bat. Rocka da, poesia da. Musika da, eta literatura. Baina zerbait bada, plaza bat da. Mende erdiko orubea.


Durangon 1965a da. Baita Euskal Herrian ere. Frankismo garai betea. Isiltasunaren aroa. Sobera da aipatzea zein den euskarari eta euskal kulturgintzari bizitzea egokitu zaien aroa. Sasian ia, estu heldu ditu erregimenak espainol nazionalismotik urruntzen diren ahots eta mugimenduak. Argitalpenak eta sorkuntza musikalak aldarrikapenerako tresna bihurtu dira azken denboran, elkarri atxikita doazen indar zentrifugo bi. Urpean arnasarik gabe geratzen den horri bezala, burbuilak azalera nola. Arnasgune bila ari da euskal kulturgintza orokorrean.

Badira hilabete batzuk Gerediaga elkartea lanean ari dela. Kulturaren inguruan mugitzen den elkarterik gabeko lurraldea izango da orduan Euskal Herria. Baimenduen artean, Euskaltzaindia –garaiko produktu «toleratua»– eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, «jauntxoen» esku zegoena. Urtebete lehenago, frankismoaren lokartze baten ondorioz sortu zen lehenengo elkarteen legea eta zirrikitua ikusita munduratu zen Gerediaga. Frankismo garaiko argazki anitzaren diapositiba bihurtu zen lehenengo urteetan. Baziren bi lerro bere baitan; bata akademizista, bestea popularra. Aterki zabal bat, ahots eta mugimendu askori babes ematen ziona. Helburu orokorra, Durangaldea biziberritzea. Laster ohartuko dira, ordea, lehenengo zuzendaritzako kideak Euskal Herri osoaren babes aterki bihurtuko dela.

1965ean antolatuko dituzte lehenengo ekintzak. Bi arte erakusketa Durangon eta Elorrion eta, geroago, lehenengo Durangoko Azoka, urriaren 30ean, 31n eta azaroaren 1ean. Mende erdiz luzatuko zen ekintza izango zela ezin aurreikus zezakeen orduan antolatzaileetako inork, nahiz eta harriduraz jaso zuten aurreneko edizioaren harrera.

Udazkena ondo sartuta, negua ere hasi da hortzak erakusten Durangon. Ez dago aukeran leku askorik ordura arteko argitalpen urriak nonbait erakusteko. Andra Mariaren basilikako arkupeetan inprobisatu beharko da azoka. «Euskararen eta euskal kulturaren inguruan zegoen egarriaren erakusle izan zen», Jose Luis Lizundiaren ustez, deialdi hark izan zuen gizarte erantzuna. Hogeita bost argitaletxeren parte hartzea du lehenengo azokak. 18 salmahaitan banatu dira. Lau diputazioek, Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak jarri dituzte postuak, baita argitaletxe batzuek ere. Bertan dira Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendo, Gomez eta Espasa-Calpe, besteren artean. 100.000 pezetako aurrekontua daukate. Antton Mari Aldekoa Otaloraren iritziz –Gerediagako lehendakari hogei urtez baino gehiagoz–, orduko azoka hura «ez dago egungoarekin konparatzerik. Orduan liburu bakoitzeko ale bat edo bi eramaten ziren, geroago etorri zen komertzializazioaren aroa. Diru pixka batekin edonork luke Andra Mariko elizpea erosteko aukera».

Gerediaga, zalantzan

60ko hamarkada frankismoaren garairik gogorrenetakoa izango da. Indarrez finkatutako erregimena izango da, Estatu osoan bortxaz iltzatutakoa. Nolanahi ere, kontra haizerik ere altxatuko da. Euskal kulturgintzak altxatze garaia biziko du denbora horretan eta Ez Dok Amairu taldea izango da eredu esanguratsuenetako bat. Musikagintza eta literatura uztartuko dituen mugimendu abangoardista izango da, azpiratuta dagoen euskal kulturaren suspertzerako sortuko dena. 1965ean bertan, Azokako lehenengo urtean, hasiko ditu taldeak aitzineko bilerak. Urte amaieran Mikel Laboak eta Xabier Antzak Jorge Oteizarengana joko dute, euskal kantagintzaren inguruan talde egonkor bat sortzeko nahia erakutsiz. 1966ko martxoan aurkeztu zuten beren burua ofizialki, Irunen egindako ekitaldi batean. Ez da garaiko talde bakarra izango. Oteiza bera kide izango duen Gaur taldeak ere eskulturaren alorretik hauspotuko du altxatzeko beharrean den euskal kultura.

70eko hamarkadan agortu zituzten taldeok beren ibilbideak, baina bide horretan laguntzaile izan zituen Durangoko Azokak. Hasierako urteak Andra Mariaren basilikako arkupeetan egingo ditu, eta bere oihartzunaren handitzearen lekuko izaten hasiko dira. 1966an 680 liburu eta 179 disko salduko dira eta zifrek goranzko bidean jarraituko dute hurrengo urteetan. 1969an 870 liburu eta 138 disko saldu ziren.

70eko hamarkadatik aurrera, egoera politikoa balizko aldaketa baten zantzuak hartzen hasiko da. Ordurako Durangoko Azoka Euskal Herrian oinarri sendoa duen ekimena da. 1973an antolatuko da hitzordua azken aldiz Andra Mariaren basilikako arkupeetan. Hurrengo urtean Merkatu plazan kokatuko da estreinakoz. Gero eta jende gehiagoren etorrera biltzen zuen azokak eta gobernadore zibilak trabak jarri zituen elizpean jarraitzeko. Hamabi urte egingo ditu leku berean. Tartean, Trantsizio gisa ezagutzen den aroa biziko du, garaiko aldaketa politikorik garrantzitsuena: frankismoaren amaiera eta demokrazia deritzonaren hasiera. Aldaketa horrek ere eragina izango du Gerediaga elkartean, Azokaren motor nagusiarengan, hain zuzen. Ordura arte euskal kulturaren bueltan mugitzen zen ororen aterkia ixteko garaia helduko zaio. Denbora horretarako ekimen ugari antolatu zituen, mugimendu eta eragile askok non egin, non babestu eta non aterpetu ez zeukatelako. 1979an mapa politikoa goitik behera aldatuko da, baita Gerediagaren jarduna ere. Dagoeneko ez da egongo babes legala ematen duen elkarte baten beharrik; alderdi politiko eta sindikatuen legeztatzeak egoera guztiz aldatuko du. Horrek gorabehera larriak sortuko ditu elkartearengan, jende askok alde egingo du bere bueltatik. Eta Gerediagaren bideragarritasuna bera zalantzan jarriko dute batzuek, bere eginbeharrak amaitutzat emanez. Izango da, ordea, bestelakorik pentsatzen duenik ere, lanean jarraitzeko nahikoa arrazoi badagoela sinetsita. «Hor egon zen beherakada ikaragarria eta Gerediagaren bazkide askok ere baja eman zuten», aipatu du Lizundiak.

Urte horietan Otalora izango da elkarteko lehendakariorde eta gertutik biziko ditu elkartearen zereginak zalantzan jarriko dituztenen iritziak. «Gerediagaren zeregina zalantzan jartzen da edo zuzenean esaten da ez dela beharrezkoa –dio–. Liburu azoka zergatik antolatu behar du elkarte batek? Horretarako eskumena Eusko Jaurlaritzak dauka», defendatuko dute batzuek. Gerediagan geratzeko erabakia hartu zutenek latzak pasatu zituztela aitortu du; elkartearen papera «eustearena» izango zen urte haietan. Ekimenak antolatzen jarraitu zuten, ateak zabalik mantentzen jarraituz eta, lan eskergari esker, inguruaren errespetua berreskuratzea lortu zuten.

Eraldaketa

Ordurako Durangoko Disko eta Liburu Azoka hitzordu egonkor eta sonatua izango da. Jende andana bilduko du urtez urte, zifrak gero eta handiagoak izanez edizio batetik bestera. Literaturgintzaren eta musikagintzaren ekoizpena haziz joango da. 1977an jaioko da Pott Banda eta 80ko hamarkada hasieran euskal rock erradikalaren jaiotzak kultur arloa astinduko du. Ekoizpenaren gorakadak eta kontsumitzeko joera gero eta nabarmenagoek Azoka dataz aldatzera eramango dute; abenduan egingo da, gaur egun ezagutzen den modura. 1986tik 1988ra Euskarazko Liburu eta Disko Azoka antolatuko da, baina ez du antolatzaileek espero zuten arrakasta izango.

Lekualdaketa zenbait ere jasango ditu euskal kulturaren hitzordu nagusi izan denak. Hasierako Andra Mariko elizpe hartatik Durangoko Merkatu plazara igaroko da 1996ra arte. Handik espazio zabalago baterako bidea hartuko du eta zazpi urtetan karpa erraldoi batean bilduko dituzte ekoiztetxe eta argitaletxeek urteko uztaren emaitzak. 2003an egonkortuko da Durangoko Azoka azpiegiturari dagokionez, orduan hasiko baita urteroko hitzordua egun ezagutzen den Landako gunean antolatzen. 4.200 metro koadroko azaleraren gainean izatezko garrantzia berretsiko du aurrerantzean.

1992tik aurrera, Durangoko Azokak errekonozimendua eskainiko die urtero euskal kulturaren alorrean aritu diren pertsona edo erakundeei. Argizaiola izango du ikur nagusi eta Jon Bilbao ikertzaile eta bibliografoa izango da hura jasotzen lehena. Zerrenda horretara batu dira urte hauetan guztietan, besteak beste, Eusko Ikaskuntza, Bittor Kapanaga, Txillardegi, “Jakin”, Imanol Urbieta, Benito Lertxundi, William Douglas eta Anuntxi Arana, iazko sariduna. Aurtengo edizioan, Durangoko Azokari hasieratik hauspoa eman dioten euskaltzale taldeak jasoko du saria.

2006tik aurrera atzerriko literaturaren kideak gonbidatuko ditu antolakuntzak, nazioarteko azoketan egiten den bezala, gehienbat beste hizkuntza gutxituen esperientziak bertatik bertara ezagutzeko. Eslovenia izan zen lehenengo herrialde gonbidatua, eta haren atzetik etorri dira Georgia, Finlandia, Katalunia, Kurdistan, Galizia, ijito herria, Eskozia eta Okzitania. Aurten ez da halakorik izango.

Mende berriak erronka berriak ekarriko ditu azokara. Digitalizazioaren aro betean joera berriei zabaldu beharko dizkie ateak, disko eta liburu azoka soila izatetik salmahaietako eskaintza nabarmenki zabaltzera. Ez da eskaintzan soilik aldaketarik izango, antolakuntzak berak ere metamorfosia izango du mende berriko lehenengo urteetan. Ahotsenea eta gisako proposamenak bultzatuko dituzte zenbait sortzailek. Hasiera batean egitarautik kanpo geratuko diren ildoak izango dira, baina kontsumoaren aldaketak eta mota horretako proposamenek duten arrakasta ikusirik, Gerediaga elkarteak elkarlana zabaldu eta egun ezagutzen diren atalak abian jarriko dira –Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Plateruena, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta Azoka TB–. Hartara, Landako gunetik harago, Durango osora zabaltzeko helburua izango du azken urteetan, Plateruenatik hasi eta San Agustin antzokiraino. Orain, azoka, metro gutxitan zeharka daitekeen etorbide bat ere bada.