Kukai dantza taldea eta La Veronalen Oskara ikuskizuna, asteburuan ikusgai Donostian
Kukai dantza taldea eta La Veronalen Oskara ikuskizuna asteburu honetan estreinatuko da eta Donostiako Victoria Eugenia antzokia izango du agertoki. Honen bidez, hasiera emanen zaio urte honetan zehar Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean egingo duten emanaldi sorta.
Urtarrilaren 30ean eta 31n Kukai dantza taldea eta La Veronalen Oskara ikuskizunaren estreinaldia hartuko du Victoria Eugenia antzokiak. «Estreinaldi garrantzitsua da, ez soilik dantza talde sendo hauen lan esanguratsua delako, baizik eta elkarlan askoren fruitu izan delako«, argitu du Donostiako Udalak ohar baten bidez.
Ekimena Donostia 2016ren Mugalariak programaren barnean kokatzen da. Programa hau sorkuntza eta hezkuntza programa da eta sorkuntza fasean dauden dantza eta antzerki proiektuak bultzatzeko eta Hego zein Ipar Euskal Herriko elkarteek eta herritarrek sorkuntza prozesuak elkarbanatzea dute jomuga.
Bestetik, 2016. urtean zehar arte eszenikoen arloan Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean egingo duten emanaldi sortaren lehen alea ere bada ikuskizun hau.
Azkenik, azpimarratu behar da estreinaldiaren egunean, urtarrilaren 30ean, Victoria Eugeniara hurbiltzen direnek aukera izango dutela emanaldiaren ondoren koreografoarekin elkartzeko eta harekin hitz egiteko eta lanaren inguruko xehetasunak ezagutzeko