Guimon askatzeko eskatu diote Bretainiako zenbait eragilek Justizia ministro berriari
Jean-Jacques Urvoas Justizia ministro izendatu berriari Lorentxa Guimonen askatasuna eskatzen duen gutun bat helarazteko xedearekin, Quimper hirian ministroak duen egoitzara joan dira Bretainiako eragile zenbait.
Bretainiako zenbait eragilek Lorentxa Guimonen askatasuna galdegiteko gutun bat utzi dute Jean-Jacques Urvoasen laguntzaileen eskuetan, Justizia ministro berriari helarazteko helburuarekin. Ministroaren laguntzaileek gutunari erantzun bat emango diotela agindu dute, Kazetak berri eman duenez.
Ondotik, ekimenaren sustatzaileek prentsaurreko bat eskaini dute eta, bertan, Lorentxa Guimon larriki gaixo dagoen presoa askatzearen alde agertu diren eragile berriak iragarri dituzte. Hain zuzen ere, Finistère, Morbihan eta Ille-et-Vilaine departamenduetako sei diputatuk Guimonen askatasuna eskatu berri dute, hauetariko lau PS frantses alderdi sozialistako kargudunak dira.
Horrez gain, larunbatean, otsailak 20, Rennesen egingo den manifestazioaren deialdia oroitarazi dute. Deialdi hori, 22 pertsonalitatek eta 18 antolakunde politiko eta sindikatuk izenpetu dute. Horien artean dago Sud Solidaires Santé sindikatua, zeinak otsailaren 2an Guimon artatzen duen ospitaleko zuzendaritzari gutun bat helarazi zion, presoari osasunerako eskubidea ukatua zitzaiola salatuz.
Otsailaren 15ean, berriz, Jean-René Marsac Ille-et-Vilaine departamenduko diputatuak, bere izenean Jean-Jacques Urvoas ministroari gutun bat helarazi zion, Lorentxa Guimoni baldintzapeko askatasuna aitortzea eskatuz.
Lorentxa Guimon hiru aldiz izan da ospitalean abendutik, osasun egoera larriarengatik. Hilaren 9an bueltatu zuten azkenekoz espetxera eta 25ean emango dute epaileek haren baldintzapeko askatasunari buruzko erabakia.