Molac eta Alaux diputatuek Lorentxa Guimon bisitatu dute Renneseko espetxean
Sylviane Alaux PSko euskal diputatua eta Paul Molac EE-Berdeen diputatu bretoiak Lorentxa Guimon bisitatu dute Renneseko espetxean. Bisita eta gero adierazi zutenez, espetxean zaintza egokia izatea «ezinezkoa» dela baieztatu ahal izan zuten.
Paul Molac EE-Berdeen diputatu bretoia eta Sylviane Alaux PSko euskal diputatua bisitan izan zituen atzo arratsaldean Lorentxa Guimonek. Arratsaldeko lehen orduan aurreikusia zegoen bisita asko luzatu zen, diputatuek kartzelatik ateratzerako arratsaldeko 19.00 inguru baitziren.
Bi diputatuek, Rennesera iristerakoan, harrera bat izan zuten bretaindar sustengu komitea, Renneseko hautetsi diren Valérie Faucheux, Gaëlle Rougier, Ana Sohier eta Laurent Hamon eta Skoazell Vreizh administrazio kontseiluko kide diren Jérôme Boutier et Fabrice Cadouren partetik.
Bisita eta gero parlamentariek Lorentxaren osasun egoeraren inguruan duten kezka azaldu zuten, eta baieztatu egin zuten espetxean artatze on bat izaitea «ezinezkoa» dela. «Indar polizialen prensentziak hitzordu guzietan segimendu egoki bat eta eriaren eskubideak oztopatzen ditu», adierazi du Bagoazek ohar baten bidez.
Bisitan, aurrera eramaten ari diren ekimen desberdinez aritu ziren Guimonekin. Bisita eta gero, diputatuek mobilizazioek «askatasuna ahalbidetzea» espero zutela adierazi zuten, «egoera larria da-eta».
Mobilizazioak hurrengo egunetan
Bagoazek gogora ekarri du larunbat honetan bertan manifestaldia egingo dela Rennesen, Guimonen eta gaixo dauden gainontzeko euskal presoen askatasuna eskatzeko. Bestetik, otsailaren 22an elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Angeluko herriko etxearen aintzinean.
Otsailaren 24an, aldiz, 20:00ean, ‘Bake prozesua eta preso eta iheslarien iztultzea’ hitzaldia Denen etxean Angelun. Eta otsailaren 25an elkarretaratzea berriz ere Angeluko herriko etxearen aintzinean. Egun horretan emanen dute baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia.