Euskalgintzak, 30 urte eta gero, Iruñean «euskaraz eta gertu» posible dela nabarmendu du
«Euskaraz eta gertu posible da» lemapean Euskalgintzak kurtso berrirako haur eskolen matrikulazio kanpaina aurkeztu du. Kanpaina, bi haur eskola berriek indartuta dator. «Berri ona, zalantzarik gabe, herritar gehiagori emanen baitzaio aukera haien txikiak elebidunak izan daitezen oinarri on bat eskuratzeko», adierazi du Sagrario Aleman, Euskalgintzako bozeramaileak.
Ikasturte berrian eta 30 urte eta gero, haur eskoletan euskaraz ikasteko aukera 2 auzo berritara zabalduko dela nabarmendu du Iruñeko Euskalgintzak. Orain arte Txantrean eta iaztik Arrotxapean egon diren haur eskolei, Donibane eta Arrosadiako Printzearen Harresi gehituko zaizkie. «Berri ona, zalantzarik gabe, herritar gehiagori emanen baitzaio aukera haien txikiak elebidunak izan daitezen oinarri on bat eskuratzeko», adierazi du Sagrario Aleman, Euskalgintzako bozeramaileak.
«Urte luzez, ordea, herritarrei ukatu egin zaie gehiago ikasteko aukera hau. Zentzugabea eta barkaezina da bertakoa den hizkuntza herritarrei ukatzea, areago lanerako, harremanetarako eta kulturarako ateak irekitzen dituenean», gehitu du.
Hau dela-eta, matrikulazio kanpaina berrirako lema «Euskaraz eta gertu posible da» izango da. Haur eskoletan dagoeneko matrikulatuak dauden gurasoek ostiralera arte dute birmatrikulatzeko aukera, otsailaren 26a arte. Eta lehen aldiz matrikula egiten duten gurasoek martxoaren 8tik 17ra izanen dute horretarako aukera.
Lehehn aldiz haurrak matrikulatzera joanen diren gurasoak lagundu asmoz, hainbat boluntario izango dira lanean, informazioa banatuz. Informatzaile lan horietan, besteak beste, Oier Sanjurjo Osasunako jokalaria, La Chula Potra abeslaria edo Motxila 21 taldeko kideak izango dira.