Lorentxa Guimon aske geratu da
Larriki gaixo dagoen Lorentxa Guimon preso angeluarra gaur atera da Renneseko espetxetik, baldintzapeko askatasunean, Parisko Dei Auzitegiak otsailaren 25ean erabaki zuenez.
NAIZ
BAIONA
Renneseko espetxea atzean utzi eta etxera itzuli ahalko da gaur Lorentxa Guimon. Otsailaren 25ean eman zuen Parisko Dei Auzitegiak preso angeluarra baldintzapeko askatasunean uzteko erabakiaren berri.
Guimonen egoera larria aintzat hartuta, 2015eko azaroaren 24an onartu zuen epaileak baldintzapeko askatasuna, baina Fiskaltzaren helegiteak auzia atzeratu du.
Azken hilabeteotan hiru aldiz ospitaleratu dute Guimon eta ekimen ugari egin dira haren askatasuna exijitzeko.