INFO

Udal lege berriarekin herritarren beharrei hobeto erantzungo dietela uste dute EH Bilduko alkateek

EH Bilduko alkateen ustez, EAJk eta koalizio independentistak adostu duten Udal Legeak eguneroko erronkei «berme» gehiagorekin aurre egiteko balioko die, behar adina finantza baliabide izango dutelako.

EH Bilduko alkateek Donostian egin dute bilera. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk eta EAJk Udal Legearen inguruan lortu duten akordioa aztertzeko bildu dira Donostian koalizio independentistako hainbat alkate, horien artean Errenteria, Andoain, Berastegi, Orexa eta Berriatuakoak, eta Markina-Xemeingo alkateordea.

Bileraren ostean, Julen Mendoza Errenteriako alkateak «poza» agertu du eta nabarmendu du Udal Legea beharrezkoa zela; orain arte «Madrilen inposatutako erabakien eta murrizketen mendean geunden, horrek herritarrei eskainitako zerbitzuetan eta prestazioetan zeukan ondorio larriekin».

Mendozaren arabera, lege berriarekin «egunerokoan aurre egin behar diegun erronkei berme handiagoarekin aurre egin ahal izango diegu». Hala, bermatu ahal izango dute «finantza baliabide nahikoak» izango dituztela beren zereginak betetzeko eta krisi garaiotan «modu eraginkorragoan» erantzun ahal izango diotela larrialdi egoeran dauden pertsonei eskaini beharreko prestazioen ordainketari.

Aipatu dituen beste alderdi positibo batzuen artean dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek euskararen harira jasotzen dituzten erasoen inguruan udalak «blindatzeko mekanismoak» ezartzen dituela legeak; udalak herritarrengandik «are hurbilagoak izatea lortzea eta gardentasunean irabaztea»; herrikideekin harreman zuzena izatea ahalbidetzea, lotesleak izango diren kontsultak egiteko aukera eskaintzen duelako.

Gainera, lege berriak mugaz gaindiko harremanak egiteko aukera eskaintzen du eta, horrenbestez, elkarlanerako politikak sustatu ahal izango dituzte Euskal Herri osoko udalekin, Mendozak adierazi duenez.