INFO

Euskal Herriko erakundeek Bruselako erasoak gaitzetsi dituzte

Elkarretaratze ugari burutu dituzte atzo Bruselan gertatutako erasoak gaitzesteko Euskal Herriko erakunde desberdinek.

Nafar Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Eguerdian elkartu dira Iruñean, nafar Parlamentuaren atarian, atzo Bruselan izandako erasoak gaitzesteko. Bertan izan dira ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak. Elkarretaratzea minutuko isilune batekin amaitu dute. Nafarroan espainiar Gobernuko delegaria den Carmen Albak, aldiz, Estatuko «indar polizialak prest» daudela adierazi du.

Iruñeko Udalak, era berean, Joseba Asiron alkatea buru zutela, Udaletxe plazan elkarretaratze isila egin du. Bertan alderdi guztiek hartu dute parte, I-E eta Aranzadik izan ezik, baina hauen hutsunea «arrazoi pertsonalak direla-eta» izan dela jakinarazi du Asironek.

Bestetik, Bizkaiako Batzar Nagusiak Gernikako arbolaren ondoan elkartu dira, bost minutuz eta isiltasunean. Kasu honetan, EH Bildu eta Podemoseko ordezkareik ‘Je suis Bruxeles. Je suis refugée’ zioen lema bat zeramaten soinean.

Modu berean, Bilboko Udaletxeak ere protesta egin du, atzoko erasoak gaitzetsiz. Bost minutuko elkarretaratze isil baten bidez, «elkartasuna» adierazi nahi izan dute erasoa pairatu zuten guztiekin.

Eskema bera jarraitu dute Gasteizeko Udaletxe aurrean, non Gorka Urtaran alkateak «musulmanak eta yihadistak ez nahasteko» eskatu duen. Bertan parte hartu dute elkarte musulman desberdinetako kideek, eta «Ez nire izenean» zioten kartelak eraman dituzte. Arabako Diputazioan ere elakrtu dira.