Elkarretaratzeak Ipar Euskal Herrirako elkargo bakarraren alde
Baterak deituta elkarretaratzeak egin dituzte larunbat goizean Baionan, Ziburun eta Uztaritzen Ipar Euskal Herrirako instituzio bakarraren alde.
Ipar Euskal Herrirako elkargo bakarra ezarri ahal izateko biztanleen eta udalerrien erdiaren babesa behar du egitura berriak. Ildo horretan, Baterak elkarretaratzeak deitu ditu gaur goizean herriz herri garatu duen kanpainaren azken ekimen gisa. Ziburun, Baionan eta Uztaritzen egin dituzte mobilizazioak.
Herriz herri aldeko eta kontrako erabakia hartzeko tartea dute udalerriek maiatza bitartean eta dagoeneko 100.000tik gora biztanleren ordezkarien baietza jaso su elkargo bakarrak. Ezarria izan dadin, alde bozkatzen duten herriek Ipar Euskal Herriak dituen ia 300.000 biztanleen erdia ordezkatu behar dute eta 158 udalerrien erdia baino gehiago izan behar dira. Gehiengoa beraz, bi eremuetan lortu behar da, biztanle kopuruan eta udalerrienean.
Hendaia (ia 17.000 biztanle) eta Senpere (ia 6.000) izan ziren lehenak baiezko erabakia hartzen, segidan etorri dira Hiriburu eta 44.000 biztanletik gora dituen Baiona. Behorlegi, Sara, Maule, Zuraide, Gabadi, Ezpeleta eta Uztaritzek ere baizeko botoa eman dute azken egunotan eta Donibane Lohizuneko (14.000) herriko kontseiluak ere babesa eman dio babesa elkargo berriari. Beraz, 100.000tik gora biztanleren ordezkarien eta 12 herriren babesarekin iritsiko da hiru euskal herrialdeak egitura bakarrean jasoko dituen elkargoa asteburura. 300 biztanlera iristen ez den Irulegi da, oraingoz, aurka bozkatu duen bakarra.
Maiatza arte dute herriko etxeek euren erabakia ezagutarazteko. Udazkenean loteslea ez zen antzeko bozketa egin zen udalerrietan, hauen %71k elkargoaren aldeko iritzia plazaratu zuen, herritarren %66ko ordezkaritza ziren, gainera.