Bidarten ustez emaztea jipoitu eta bere burua hil zuen gizona tratu txarrengatik zigortu zuten iaz
Ustez emaztea larriki kolpatu eta gero bere buruaz beste egin zuen gizona tratu txarrengatik zigortu zuten joan den azaroan, Baionako fiskalak adierazi duenez. Gaineratu du Bidarten jazotakoaren harira abiatutako ikerketaren hipotesi nagusia ere bide horretatik doala.
Kazetak berri eman duenez, Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta Simonek, azaldu du Bidarteko gertakariek «pentsarazten dutela indarkeria sexista kasua izan daitekeela».
Gertakariak apirilaren 4ean jazo ziren arren, atzora arte ez zen haien berri eduki. Bidarteko Bassilour industriagunean gizon baten gorpua agertu zen, urkatuta, eta haren ondoan emaztea zegoen, larriki kolpatua.
Emakumea Baionako erietxera eraman zuten eta bertan segitzen du, larri, buruan jasotako kolpeen ondorioz.
Samuel Vuelta Simonek azaldutako hipotesi nagusiaren arabera, 48 urteko gizonak eraso egin zion 34ko emakumezkoari eta gero bere burua hil zuen.
Bikoteak 9 urteko haur bat du, gertakariak jazo ziren unean eskolan zegoena. Aiton-amonek hartu dute haren ardura, fiskalak baieztatu duenez.
Prokuradoreak azpimarratu du urkatuta aurkitu zuten gizona 2015eko azaroaren 13an tratu txarrengatik zigortu zuteka. 2014ko maiatzean gertatu zen erasoarengatik lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuen kartzelara joan behar izan.